MAIALEN MUSATADI / 2020-06-02/ Hirien jarduera datu-sortzaile handi bat da, sentsore ugariei esker, baina hodei-teknologiak, batzuetan ezin ditu datuak segurtasunez, eraginkortasun energetikoz eta denbora errealean prozesatu. Erronka horri aurre egiteko eta erabakiak errazteko, Ikerlan teknologia-zentroa Elastic proiektu europarrean murgilduta dago hainbat herrialdetako erakundeekin batera, etorkizuneko mugikortasun adimenduneko sistemak ahalbidetuko dituen oinarri teknologikoa garatuz.  

Gorabeherak gutxitzea, istripu maila murriztea eta mantentze-lanen kostuak behera egitea lortu  nahi ditu Elasticek azken batean, eta baita hiriko zirkulazioa hobetu ere. Proiektuak dagoeneko hirietan dauden smart cities sistemak erabiltzen ditu –autobus-geltokietan, radarretan eta bestelako tokietan dauden sentsoreak, konektibitate-ekipamendua eta sistema konputazionalak–. Sistema horiekin software-arkitektura berri bat sortzen du, hiriko ‘big data’ denbora errealean prozesatzea bermatzen duena. 

“Hiriko trafiko-sare osoan banatutako baliabide konputazionalak erabiltzen ditugu, eta horiek erabiliz hirian zehar banatutako ibilgailuek eta sentsoreek masiboki bildutako datuen analisiak dakarren lan-karga banatzen dugu. Gailuen artean kamerak, radarrak edo ingurumen-sentsoreak daude“, azaldu du Cristina Zubiak, Elasticeko euskal teknologia-zentroko ikertzaileak. ‘Laino-konputazio eredua’ (‘ fog computing ‘) bezala ezagutzen da, eta sareak ez pilatzeko datuak banatzen ditu, prozesamenduaren eta segurtasunaren azkartasuna areagotzeko eta energia-gastua murrizteko. 

Hiri baten mugikortasunaren benetako ‘argazki’ hori lortzeak (garraio publikoarena eta pribatuarena), une bakoitzean azkarrago erabakiak hartzeko aukera ematen du. Elastic Florentziako tranbia sarean aplikatzen ari da teknologia hori, Florentziako tranbiak teknologia probatzeko sentsoreak eta konektibitatea dituelako.  

Proiektua Europako Batzordearen Horizon 2020 programak finantzatzen du, hiru urterako (2019-2021), 5,9 milioi euroko diru-laguntzarekin. Bartzelonako Superkonputazio Zentroak (BSC) koordinatzen du proiektua, eta, Ikerlanez gain, Portugal, Italia, Frantzia eta Erresuma Batuko erakunde desberdinek ere parte hartzen dute. 

Egilea Andoni Beitia