Euskal AEko industria-prezioek % 3,0 egin dute gora 2022ko apirilean, aurreko hilaren aldean, Eustatek dituen datuen arabera. Apirileko urte arteko tasa –azken hamabi hiletako industria-prezioen aldakuntza jasotzen du– % 26,3koa da.
Analisi zehatzago batek erakusten du 2022ko apirilean prezioetan aurreko hilaren aldean hazkuntza nabarmenenak izan dituzten sektoreak honako hauek izan direla: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 9,1), Metalurgia eta produktu metalikoak (% 5,3) eta Industria kimikoa (% 4,1). Hil artean prezioetan beherakadak izan dituzten sektoreak, berriz, honako hauek izan dira: Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (% 2,5 behera), Kokeriak eta petrolio-fintzea (% 0,5 behera) eta Garraio-materialaren fabrikazioa (% 0,1 behera).
Helmuga ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenarekin jarraitzeko, prezioen aldakuntzak, 2022ko otsailarekin alderatuta, positiboak izan dira honako hauetan: Energia (prezioek % 4,7 egin dute gora); Bitarteko ondasunak (% 3,1 gora), eta Ekipo-ondasunak (% 2,0 gora).
Kontsumo-ondasunetako prezioek, oro har, % 2,2 egin dute behera, aurreko hilarekin alderatuta. Beherakada Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen % 2,7ko beherakadaren ondorio izan da; izan ere, Kontsumo iraunkorreko ondasunek % 1,1 egin dute gora.
Urte arteko terminoetan, 2022ko apirila 2021eko apirilaren aldean, prezioen igoera handienak honako adar hauetan izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 71,8), Kokeriak eta petrolio-fintzea (% 61,9), eta Industria kimikoa (% 30,1). Bestalde, prezioek Garraio-materialaren fabrikazioaren sektorean baino ez dute egin behera (% 1,1), urte arteko terminoetan.
Helburu ekonomikoaren arabera ondasunen talde handien prezioen aldakuntza urte arteko aldian positiboa izan da horientzat guztientzat: Energiarenak % 70,0 egin du gora, Bitarteko ondasunenak % 21,1 eta Ekipo-ondasunenak % 5,3. Kontsumo-ondasunek, oro har, % 5,1eko hazkundea izan dute prezioetan, Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen prezioak % 5,1 igo direlako eta Kontsumo iraunkorreko ondasunen prezioak % 4,9 igo direlako.