2020an, COVID-19aren pandemia hasi den urtean eta jarduera-neurri murriztaileenak izan dituen urtean, Merkataritza eta ibilgailuen konponketaren sektoreak 31.893 milioi euro fakturatu ditu, 2019an baino 3.644 milioi gutxiago; alegia, % 10,3ko murrizketa izan du, EUSTATek dituen datuen arabera.

Hori dela eta, sektoreak atzera egin du, 2014ko mailetara, kontuan hartuta urte horretan hasi zela sektorearen etengabeko hazkuntzen seriea 2019ra arte, eta, batez beste, urteko % 2,8 izan zela.

Era berean, COVID-19aren ondorioak sektore horren gainerako adierazle ekonomikoetan islatu dira; sektorea JESN-2009ren G atalean deskribatzen den jarduera nagusia duten enpresek eratzen dute, alegia: Motordun ibilgailu eta motozikleten salmenta eta konponketa, Handizkako merkataritza eta merkataritzako bitartekoak eta Txikizkako merkataritza.

2020an, Merkataritza eta ibilgailuen konponketaren sektorean, 36.689 establezimenduk garatu dute haien jarduera, hau da, aurreko urtean (2019) baino % 2 gutxiagok. Aldi berean, landunen kopurua % 1,6 jaitsi da, eta, 2020an, 128.903 enplegatu izan dira, 2019an baino bi mila inguru gutxiago; bestalde, lan egindako orduen kopurua % 2,5 jaitsi da eta langileen kostuek % 12,7ko murrizketa izan dute.

Aldi berean, balio erantsiak % 8,5 egin du atzera. Balio erantsia sektoreak sortutako aberastasunaren adierazle makroekonomikoa da, eta ustiapen-jardueretatik datozen diru-sarrera gordinei dagokie, ustiapeneko dirulaguntzen eta zeharkako zergen ondoriozko doikuntza egin ondoren.

Sektoreak lortutako salmenten gaineko marjina komertziala –marjina komertzial gordinak birsaltzeko salgaien salmenta garbien balioaren gainean duen proportzioa– % 23,3 izan da, 2019koa (% 24,5) baino ehuneko puntu batetik gora baino gutxiago.

Establezimenduen tamaina enpleguaren arabera kontuan hartuta, alde nabarmenak ikusten dira. Estraturik txikienak, 1-9 enplegatu artekoak, behera egin du bai fakturazioan (–% 14,1), bai enpleguan (–% 2,5). Hamar eta berrogeita bederatzi enplegu artekoak % 9,6ko beherakada salmentetan, baina % 1,7ko igoera langile-kopuruan. Berrogeita hamar enplegatu baino gehiagoko establezimenduen estratuak % 4,3ko beherakada izan du enpleguan eta % 2,4koa baino ez fakturazioan. Hori guztia 2019ko datuekin alderatuta.

Gora egin du establezimendu-bolumenak estratu ertainean (10-49 enplegu artekoak), establezimendu handiak ia berdin eutsi dio (–% 0,6) eta % 2,2 egin du behera kopuruak estraturik txikienean.

Establezimenduen eta enpleguaren jaitsiera gorabehera, merkataritza txikiak (bederatzi enplegatu gehienez) Euskal AEko establezimendu guztien % 94,1, langileen % 55,8 eta fakturazioaren % 39,8 biltzen ditu; ertainak (hamar enplegutik berrogeita bederatzi enplegura) establezimenduen % 5,5 biltzen du, enpleguaren % 29,4 eta fakturazioaren % 42,0, eta, era berean, establezimendu handiak establezimendu guztien % 0,5, langileen % 14,8 eta salmenten % 18,2 hartzen ditu.

Arabak poertaera onena adierazi du

Establezimendu bakoitzeko 3,5 pertsonako batez besteko enplegua kontuan hartuta, Handizkako merkataritzan zifra 4 pertsonakoa da, 3,8 pertsonakoa Ibilgailuen salmenta eta konponketan eta 3,3 pertsonakoa Txikizkako merkataritzan. Xehetasun-maila handiagoan, langileei dagokienez, establezimendu handienak Espezializatu gabeko establezimenduetako txikizkako merkataritzakoak dira –azalera handiak eta saltoki handiak–; batez beste 9,3 enplegu dituzte, establezimendu bakoitzeko. Ondoren, Beste makina, ekipo eta hornidura batzuen handizkako merkataritza –bulegoko altzariak, makina-erremintak, ehungintzarako makinak, besteak beste–, 7 enplegurekin. Beste muturrean daude sektore atomizatuenak: Txikizkako merkataritza salmenta-postuetan eta azoka txikietan eta Merkataritzako bitartekariak; 1,2 eta 1,3 enplegu dituzte, hurrenez hurren.

Lurraldeei dagokienez, Arabak adierazleen multzoan portaera negatibo txikiena izan du, erkaketa eginda. Lurralde horretan % 7,5 egin dute behera salmentek eta enpleguari eutsi egin zaio, nolabait (–% 0,1); bestalde, Gipuzkoan % 9,9 egin du behera negozio-zifrak, eta eragin txikia izan du enpleguan (–% 0,7), eta, azkenik, Bizkaian, behera egin dute % 11,4 fakturazioak eta % 2,6 langileek.

2020an, Bizkaian 16.012 milioi euro fakturatu ziren, guztira, fakturazio osoaren % 50,2; Gipuzkoan, 10.353 milioi eta % 32,5, eta Araban, 5.528 milioi eta Euskal AEko % 17,3.

Enpleguari dagokionez, Bizkaian 66.995 pertsona ari dira lanean merkataritzaren sektorean, 42.815 Gipuzkoan eta 19.093 Araban; zifra erlatiboetan, Bizkaiak enplegatu guztien % 52,0ri ematen dio lana, Gipuzkoak % 33,2ri eta Arabak gainerako % 14,8ari. Aldi berean, langileen gastuak % 13,2 jaitsi dira Bizkaian, % 12,7 Gipuzkoan eta % 11,2 Araban.

Hiru jarduera-dibisio nagusi

Salmenten gaineko marjina komertzialean ere eragina izan du pandemiak: Bizkaian eta Gipuzkoan ehuneko 1,4 puntu zuzendu dira, eta Araban ehuneko 0,7 puntu gutxiago. Doikuntza horiek kontuan hartuta, Ibilgailuen merkataritza eta konponketaren marjina komertziala % 23,4koa izan da Araban, % 23,5ekoa Bizkaian eta % 22,8koa Gipuzkoan.

Sektorea hiru jarduera-dibisio nagusitan egituratzen da: Ibilgailuen salmenta eta konponketa, Handizkako merkataritza eta bitartekariak eta Txikizkako merkataritza.

Hiru dibisioen bilakaera negatiboa izan da 2020an, bai fakturazio-bolumenari dagokionez bai enpleguari dagokionez, baina desberdintasun nabarmenak izan dira haietako bakoitza eratzen duten jarduera-taldeei dagokienez.

Txikizkako merkataritza, langile kopuruari dagokionez ugariena, sektoreko enpleguaren % 58,8 hartzen baitu, kopuru osoaren % 37,7 fakturatu zuen, eta negozio-zifra % 9,6 eta enplegua % 2,0 jaitsi ziren.

Txikizkako merkataritzaren barruan, Espezializatu gabeko establezimenduetako txikizkako merkataritza da –azalera handiak eta saltoki handiak barne, besteak beste– fakturazioari (% 39,3) eta enpleguari (% 32,6) dagokienez garrantzitsuenak, eta COVID-19a hasi zen urtean salmenta-bolumen handiena dutenen artean portaera positiboa izan duen bakarra. Hala, talde horrek aurreko urtean baino % 3,8 gehiago fakturatzen du, eta haren enpleguak ia ez du eraginik jasan (–% 0,3).

Enplegua

Dibisio honen barruan pisurik handiena duen hurrengo taldeko enplegua ere % 3,2 jaitsi da, Espezializatutako establezimenduetako beste gai batzuen txikizkako merkataritzakoa –jantziak, oinetakoak, produktu farmazeutikoak, medikoak eta ortopedikoak, kosmetikoak eta higienikoak, erloju eta bitxigintzako gaiak eta bestelakoak barne–; aurreko urtean baino % 24,5 gutxiago fakturatu du, eta Txikizkako merkataritzako fakturazioaren % 20,2 eta enpleguaren % 26,9 hartzen du.

Dibisio berean daude 2020ko hazkunde konparatibo handiena izan duten jarduerak: Establezimenduetan, salmenta-postuetan eta azoka txikietan egin ez den txikizkako merkataritza. Talde honetan sartzen dira korrespondentzia bidez, Internet bidez, makina automatikoetan eta abarretan egiten diren txikizkako merkataritza-jarduerak. Haiek, beherakada orokorra gorabehera, salmentak % 9,6 areagotu dituzte, eta enpleguak % 19,7ra arte.

Bestalde, Handizkako merkataritzaren eta bitartekarien komertzioaren dibisioan, sektoreko salmenten % 53,5 eta enpleguaren % 31,8rekin, negozio-zifra % 9,6 jaitsi da, eta % 0,9, langile okupatuena. Presentzia handiena izan duten taldeak honako hauek dira: Handizkako beste merkataritza espezializatu bat –erregaien, metalen, eraikuntzako materialaren, burdineriaren, iturgintzaren, produktu kimikoen, beste produktu erdilandu batzuen, txatarraren eta beste batzuen handizkako merkataritza– eta Elikagaiak, edariak eta tabakoak; izan ere, bien artean, dibisioaren % 60,5 fakturatu dute eta kopuru osoaren % 47,5i eman diote enplegua. Biek egin dute okerrera bai negozio-zifran (–% 13 eta –% 8,7, hurrenez hurren), bai enpleguan (–% 0,9 eta –% 1,0, hurrenez hurren).

Ibilgailuen salmentarako eta konponketarako negozioek, bilakaera okerrena dutenak

Ibilgailuen salmenta eta konponketa da negozio-zifran bilakaerarik okerrena izan duen dibisioa, % 16,2 egin baitu behera fakturazioaren bolumenean, eta % 1,6, pertsonalean. Atal horrek enpleguaren % 9,4 eta merkataritza osoaren fakturazioaren % 8,9 hartu ditu, 2020an.

Dibisio horren barruan, nabarmentzekoak dira Motordun ibilgailuen mantentze-lana eta konponketa, enpleguaren erdia baino gehiago (% 51,5) eta fakturazioaren % 22,4 hartzen baititu, eta Motordun ibilgailuen salmenta, negozio-zifraren zenbatekoaren % 62,1 eta dibisioko enpleguaren % 33 fakturatzen baititu. Lehenengoan fakturazioa % 16,6 murriztu da eta, bigarrenean, % 18,1; enpleguan –% 1,5eko eta –% 1,6ko eragina izanik.

Azkenik, Txikizkako merkataritzak salmenten gaineko % 27,1eko marjina komertziala izan du, 2019an baino ehuneko 2,5 puntu gutxiago. Handizkako merkataritzak % 21,6koa izan du, 0,5 puntu gutxiago. Ibilgailuen salmenta eta konponketaren dibisioaren marjina % 16,3koa izan da, aurreko ekitaldian baino ehuneko 1,5 puntu gutxiago. Jarduera-taldeetan, honako hauek nabarmentzen dira: Establezimenduetan, salmenta-postuetan eta azoka txikietan egin ez den txikizkako merkataritza eta Espezializatutako establezimenduetako beste gai batzuen txikizkako merkataritza, haien marjina komertziala % 40 ingurukoa izan dela; % 30etik gora, Ibilgailu motordunen ordezko piezen eta osagarrien merkataritza, Etxean erabiltzeko artikuluen txikizkako merkataritza eta Salmenta-puntu eta azoka txikietako txikizkako merkataritza.

Egilea Andoni Beitia