Eusko Jaurlaritzak 1,4 milioi euroko laguntzak eskainiko ditu aurten Basque Industry 4.0 programaren barruan. 4.0 industria bultzatzeko programa horren helburua da EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago transferitzea merkatura. SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentziak) kudeatzen dituen eskaerak aurkezteko epea ekainaren 3an irekiko da eta zabalik egongo da uztailaren 14ra arte.

Iaz 25 proiektu babestu ziren eta 1,2 milioitik gorako dirulaguntzak eman ziren. Proiektu bakoitzak ia 50.000 euroko laguntza jaso zuen batez beste.

Basque Industry 4.0 programaren helburua da babesa ematea “teknologi hornitzaileen” (esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteen) teknologia manufakturako enpresa industrialetara transferitzeko proiektuei, fabrikazio aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) esparruan.  Beraz, programa horren bitartez, EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago transferituko dira merkatura.

SPRI Taldeak 1,4 milioi euroko partida bat prestatu du, zeinaren % 50 Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) finantzatuko baitu. Programa horren laguntzak jaso nahi dituzten enpresek 50.000 euroko gutxieneko aurrekontua aurkeztu beharko dute gehienez 16 hilabeteko iraupena duten proiektuetarako. Bestalde, proiektuek lotura izan beharko dute arlo hauetakoren batekin: ziber-segurtasuna, cloud computing-a, big data, machine learning, robotika kolaboratiboa, errealitate areagotua, ikusmen artifiziala, sentsorika, material metaliko eta aurreratuen diseinu eta fabrikazio gehigarria edota material eta prozesu aurreratuen proiektuak.

Diruz lagunduko dira “I+G-ko agentearen” dedikazio gastuak, barne dela lantegian ematen den laguntza eta aholkularitza, “inplantariak” eskainitako orduen gastuak, eta baita ere agente teknologikoak eskainitako jabetza industriala eskuratzeko gastuak, hardware eta softwarean eginiko inbertsio edota gastuak eta enpresa onuradunaren barruko langileen gastuak.

Onuradunek % 25eko dirulaguntzak jasoko dituzte banan-banako proiektuetarako, eta % 15 gehiago enpresa batek eta ikerketa organismo batek lankidetzan eginiko proiektuetarako. Proiektuek gehienez 150.000 euroko dirulaguntza jasoko dute enpresa batek bakarrik garatzen baditu, eta 300.000 eurokoa hainbat enpresek lankidetzan garatzen badituzte.

Avatar

Egilea Andoni Beitia