Eustatek landutako datuen arabera, 2022ko apirilean, Euskal AEko merkataritza-azalera handietako eta elikadura-kate handietako salmentak % 2,3 jaitsi dira 2021eko hil beraren aldean, prezio finkoetan eta lan-egutegiko baldintza homogeneotan.

2022ko martxoaren aldean, aldiz, prezio finkoetako salmenten bilakaera positiboa izan da, % 1,8ko igoerarekin urtaro-eraginik gabeko terminoetan.

Urte arteko alderaketan, portaera desberdina izan da elikaduraren sektorean eta gainerako produktuetan. Hala, elikagaien salmentak % 9,6 jaitsi dira 2021eko apirilaren aldean, eta gainerako produktuenak % 15,5 igo, guztiak termino finkoetan.

2022ko martxoarekin alderatuta ere bilakaera desberdina izan da sektoreka: prezio finkoetako salmentek % 2,5 egin dute behera elikagaietan eta % 10,2 egin dute gora gainerako produktuetan.

Jaitsiera handiena, Araban

Azalera handietako eta elikadura-kate handietako salmentak % 5,6 jaitsi dira Araban, % 4,0 Gipuzkoan eta % 0,5 Bizkaian, aurreko urtearen aldean. Aurreko hilabetearen aldean, prezio finkoetako salmentak % 4,5 igo dira Bizkaian; aldiz, Araban % 1,1 jaitsi dira, eta Gipuzkoan % 1,5.

2022ko lehenengo lau hilabeteetako metatuan, Merkataritza-azalera handietako eta elikadura-kate handietako salmenta-indizearen atzerakada % 1,3koa da, elikaduran metatutako salmenten % 6,4ko beherakadaren ondorioz; izan ere, apirilera arte metatutako salmentak % 10,4 igo dira gainerako produktuetan.

Lurraldeka, aurtengo aldakuntza metatua positiboa da Bizkaian, aurreko urteko aldi berean baino % 0,1 salmenta gehiago izan baitira. Araban eta Gipuzkoan, aldiz, aurtengo lehen lau hilabeteetako salmentak % 2,6 eta % 3,3 txikiagoak izan dira, hurrenez hurren.

Euskal AEko azalera handietako eta elikadura-kate handietako langile enplegatuak % 2,0 gehitu dira 2022ko apirilean, aurreko urteko hil beraren aldean. Aurreko hilaren, 2022ko martxoaren, aldean enplegua % 0,4 hazi da.

Egilea Andoni Beitia