Eusko Jaurlaritza EH Bilduk proposatutako Euskal Kultura Ondarearen Legea aldatzeko proposamenaren aurka agertu da, eta nabarmendu du egungo arauak jada arautzen duela metal-detektagailuen erabilera ondare arkeologikoa babesteko, horixe baita talde subiranistaren asmoetako bat.
Gobernu Kontseilua telematikoki bildu da astearte honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria Korsikara bidaia ofiziala egiten ari denez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Lege Proposamena aintzat hartzearen aurka dagoela adierazi du, EH Bilduk planteatutako gaiak “araututa eta jasota daudelako indarrean dagoen arauan eta haren garapenean”.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, metal-detektagailuen erregulazio espezifikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak dio indarrean dagoen arauak, 64. artikuluan, prospekzio geofisikoari egiten diola erreferentzia, eta prospekzio horren barruan metal-detektagailuak jarduera arkeologiko gisa erabiltzea dagoela.
Aztarnategi arkeologikoetan ez dago lurrak mugitzerik
Beste artikulu batek, 66. artikuluak, ezartzen du prospekzio arkeologikoko jarduera horiek kasuan kasuko foru-aldundiko kultura-ondarearen zerbitzuaren onespena izan behar dutela. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren ustez, “Jarduera bera, hau da, materialen bila lurra mugitzea, araututa dago”.
Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak debekatu egiten du Euskadiko aztarnategi arkeologiko batean lurrak mugiaraztea, salbu eta dagokion foru-aldundiko kultura-ondarearen zerbitzuak onartutako arkeologia-proiekturik badago eta dagokion baimena badu.
Legearen 84. artikuluak arau-hauste oso larritzat jotzen ditu bai ustekabeko aurkikuntzen jakinarazpena ez betetzea, bai materialak Araba, Bizkai edo Gipuzkoako gordailu-zentroan ez gordetzea.
Oro har, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak zehazten ditu euskal administrazio publikoen hiru mailetako bakoitzari kultura-ondarearen arloan dagozkion jarduerak, eta horien koordinazioa bermatzeaz arduratuko den organoa sortzen du.
Arauaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, ondare horren babesa, kontserbazioa eta balioa ematea bermatzeko, bai eta ondare hori pertsona guztiek ezagutu, ikertu, zabaldu eta gozatu ahal izateko ere.