2020an, COVID-19aren pandemia hasi zen eta jardueraren inguruan hartutako neurriak murriztaileagoak izan ziren urtean, enplegua % 5,1 murriztu zen eraikuntzaren sektoreko enpresetan Euskal AEn, Eustatek landutako datuen arabera.

Zifra absolutuetan, hiru mila eta berrehun enplegu garbi baino gehixeago galdu ziren aurreko urtearen aldean, eta 2020an Euskal AEko eraikuntzaren sektorean 59.963 enplegu izan ziren.

Lurraldeka, hiru lurraldeek joera bera izan zuten, baina intentsitate desberdinarekin. Galera erlatibo handienak Araban izan ziren. Bertan enplegua % 6,3 murriztu zen; ondoren Bizkaia dator, % 5,4 gutxiagorekin; eta Gipuzkoan urte arteko jaitsiera zertxobait txikiagoa izan zen, % 4,0.

Aldaketa horien ondorioz, Bizkaiak sektoreko enpleguaren % 52,4 biltzen du, Gipuzkoak % 33,9 eta Arabak % 13,7.

Enplegu-zifrekin bat etorriz, lan egindako orduen kopurua % 8,8 jaitsi zen Erkidego osoan; Araban (-% 10,0) eta Bizkaian (-% 9,2) Gipuzkoan (-% 7,6) baino zertxobait gehiago.

Tamainaren arabera, hiru azpisektore nagusiak hauek dira: Instalazio elektrikoak, iturgintza eta beste instalazio batzuk (18.561 langile), Eraikinen akabera (15.388 langile) eta Eraikinen eraikuntza (11.139 langile), hiruren artean eraikuntzan okupatutako langileen % 75 baino gehixeago izanik. 2020ko bilakaera negatiboa izan zen hiru kasu horietan, % 4,5 enplegu gutxiago Instalazioen azpisektorean, % 2,9 gutxiago Akaberarenean eta % 6,1 gutxiago Eraikinen eraikuntzarenean.

Enpleguaren murrizketa hori maila guztietan nahiko antzera gertatzen da. Kopuru erlatiboetan izandako galerarik handiena enplegu handieneko geruzan —20 pertsona baino gehiagokoan— gertatu da, horien tamaina % 6,5 murriztu baita. Enplegu-geruza horrek 15.268 langile ditu, eta eraikuntzako guztizko enpleguaren % 25,5 hartzen du. Bestalde, 1-19 pertsona arteko geruzak, neurri txikiagoan bada ere, nabarmen egin du behera (% 4,5), enplegu osoaren ia erdia metatuz (% 49,2). Azkenik, soldatapekorik gabekoen sektorean (autonomoak) guztizkoaren % 25,3 enplegatzen da, eta % 4,7ko jaitsiera izan du.

Aipatzekoa da 2020an eraikuntzaren sektorean lan egiten zuten langileen % 10,1 emakumeak zirela. Proportzio hori 2019an ikusitakoa (% 8,8) baino ehuneko puntu bat baino zertxobait gehiago da, eta 2010ekoa baino ehuneko 3,1 puntu azpitik dago; izan ere, orduan, % 13,2ko emakume okupatuekin, ezagutzen den maximoa lortu zen.

Negozio-zifra % 18,5 murriztu da Euskal AEn: Bizkaian % 18,9 murriztu da, Araban % 18,4 eta Gipuzkoan % 17,9.

COVID-19ak, halaber, eragin latza izan zuen fakturazioan; hala, 2020an sektore horretako negozio-zifraren zenbateko garbiak % 18,5eko murrizketa izan zuen 2019an fakturatutakoaren aldean, eta 7.874 milioi eurora iritsi zen Euskal AE osoan. 2018 eta 2019 urteetako susperraldiaren ondoren, zifra horrek 2017koak baino maila txikiagoetan kokatzen du eraikuntzaren sektorea —2017an jaitsierak etengabe eman ari ziren ekitaldiak amaitu ziren.

Lurraldeen araberako banakapenari dagokionez, Bizkaiko enpresek 3.912 milioi euro fakturatu zituzten (Euskal AEko balio osoaren % 49,7), eta hiru lurraldeetako jaitsierarik handiena izan zuten, % 18,9. Arabak oso gertutik jarraitzen dio, 1.090 milioi euroko negozio-zifrarekin —guztizkoaren % 13,8—, % 18,4ko jaitsiera alegia. Gipuzkoan izan zen urteko beherakadarik txikiena —% 17,9—, 2.872 milioi euroko fakturazioarekin, hau da, Euskal AEko guztizkoaren % 36,5.

Guztizko salmenten % 18,5eko jaitsiera hori norabide bereko jokabidean islatzen da, baina magnitude desberdina du enplegu-geruza bakoitzean. Izan ere, goiko geruza —20 enplegu edo gehiago dituena— izan da, alde handiz, kalte gutxien jasan duena, eta % 9,9ra mugatu du bere jaitsiera. Soldatapekorik gabekoen geruzak, aldiz, fakturazioa 2019koaren laurden batean baino gehiagotan murriztu du, zehazki, % 26,4. Azken horretatik hurbil dago 1 eta 19 enplegu bitarteko geruza, negozio-zifra % 22,1 murriztu baitu. Aldaketa horiekin, 2020an 1 eta 19 enplegu bitarteko geruzari dagokio negozio-zifra osoaren % 56,9, 20 enplegu eta gehiagoko geruzari % 36,0, eta gainerako % 7,1 soldatapekorik gabekoen geruzari.

Bestalde, pertsonal-kostuak % 7,8 jaitsi ziren Euskal AEn: % 3,7 Gipuzkoan, % 9,6 Bizkaian eta % 11,1 Araban.

Eraikuntzaren sektorearen balio erantsia % 10,9 jaitsi zen 2020an, 2. 867 milioi eurora iritsiz: Araban % 13,3 jaitsi zen, Bizkaian % 11,2 eta Gipuzkoan % 9,5. Aipatu behar da 20 langile eta gehiagoko establezimenduen geruzak ia ez zuela eraginik jasan, % 0,6 baino ez baitzen uzkurtu; bat eta hogei enplegatu zituzten establezimenduen kasuan, aldiz, % 10,2; eta soldatapekorik gabekoen geruzan % 32,5 gutxiago.

Higiezinen sustapena enplegu guztiaren % 3,8 baino ez zen izan 2020an, baina eraikuntza-sektorearen balio erantsi gordin osoaren % 13,6 eragin zuen.

Eraikuntzan sartutako jarduera-taldeak eta faktoreen kostuan balio erantsiaren sorrera kontuan hartuta, Instalazio elektrikoak, iturgintza eta beste instalazio batzuk nabarmentzen dira, enpleguaren % 31,0 bildu eta balio erantsi osoaren % 27,2 lortu baitzuten. Eraikinen eraikuntza (guztizkoaren % 18,6) jardueren enplegua eta sortutako balio erantsia (% 19,1) gehituz gero, faktoreen kostuko balio erantsiaren ia erdira eta eraikuntzaren sektoreko enplegu osoaren erdira iristen zen 2020an.

Enpleguan pisu handiena duten gainerako jarduera-taldeen artean, Eraikinen akabera taldea nabarmentzen da, enpleguaren % 25,7rekin eta sektorearen balio erantsiaren % 16,2rekin, eta, bereziki, Higiezinen sustapeneko jarduera. Jarduera hori enplegu osoaren % 3,8 baino ez zen, baina eraikuntza-sektorearen balio erantsi gordin osoaren % 13,6 eragin zuen.

Higiezinen sustapena

Horrela, pertsona bakoitzeko produktibitate handiena duen jarduera-talde bihurtzen da. Sektorearen batez besteko produktibitatea 48 mila eurokoa bada, Higiezinen sustapenarena 170 mila eurokoa da. Bigarren jarduera-taldea, produktibitatearen arabera, Lursailen eraistea eta prestaketa da, 71 mila euro pertsonako. Instalazio elektrikoak, iturgintza eta beste instalazio batzuk jarduerak produktibitate txikiena du pertsonako (30 mila euro).

Negozio-bolumenaren % 21,2 bizitegi-obra berrien eraikuntzak sortu du

Eraikitako ondasun motari dagokionez, adierazi behar da gure autonomia-erkidegoko eraikuntza-sektorearen negozio-zifraren bosten bat baino pixka bat gehiago (% 21,2) bizitegi-obra berrien eraikuntzatik datorrela, nahiz eta ekarpen handiena bizitegi-zaharberritzetik datorren, sektorearen guztizkoaren % 22,8 fakturatzen baitu.

Bestalde, obra berri zibilak (errepideak, estoldak, presak, zubiak, etab.) % 11,3 hartzen du, eta bizitegiz bestelako zaharberritzeak eta bizitegiz bestelako obra berriak (merkataritza-zerbitzuak, biltegiak, industria-eraikinak, turismo-zerbitzurako eraikinak, aisialdirako eraikinak, etab.) % 9,3, bakoitzak.

Egilea Andoni Beitia