Ikerlanek autoentzako haririk gabeko kargagailu bat garatu du

Ikerlan zentro teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidea, UltimateGaN proiektu europarraren zazpi lan-paketeetako baten buru izan da. Proiektu hori 2019an hasi zen, Galio Nitruro (GaN) teknologiaren hurrengo belaunaldiaren berrikuntzan Europako sektore industriala mundu mailako erreferentzia bihurtzeko helburuarekin. Tentsio askoz ere altuagoak gidatzeko gaitasuna izateagatik nabarmentzen den materiala da, prozesu horretan sortutako beroa areagotu gabe.

Gipuzkoako zentro teknologikoak, Potentziako Elektronika arloaren partaidetzarekin, ‘RF aplikazioak eta GaN potentzia’ lan paketearen lidergoa izan du. Bertan parte hartu dute, halaber, Espainiako 4Fores eta LEARek; Austriako IFAT, Fronius eta TUGrazek; Alemaniako IFAGek; Italiako IFI eta UniMiBek; eta Norvegiako Eltekek. Elkarrekin, hari gabeko kargagailu bat garatu dute ibilgailu elektriko eta hibridoentzat, GaN teknologian oinarritutako erdieroale berrien erabileran oinarritzen dena. Teknologia hori oso berria da aplikazio honetarako, laginak baitira eta oraindik eta ez baitaude merkatuan.

Ikerlaneko Potentziako Elektronika saileko arduradun Luis Mirrek azaldu duenez, “erdieroale horiek bi abantaila handi eskaintzen dituzte gaur egun erabiltzen direnekin alderatuta, silizioan oinarritzen direnak. Izan ere, trinkoagoak dira eta gutxiago berotzen dira, hau da, galera txikiagoak dituzte. Horri esker, kargagailu oso trinkoa diseinatu ahal izan da, eta efizientzia handikoa, % 95ekoa, egungo kargagailuak % 93tik behera daudenean”.

Proiektuan Europako 9 herrialdetako 26 bazkidek hartu dute parte, horien artean ikerketarako zentroak, unibertsitateak eta enpresak: Austriako Infineon Technologies Austria (IFAT), Fronius International, SAL, TUgraz – Graz University of Technology eta AT & S Austria Technologie & Systemtechnik AG; Belgikako IMEC; Alemaniako AIXTRON, Infineon Technologies (IFAG) , Siltronic, Max-Planck-Institut für Eisenforschung GmbH, Fraunhofer, Technische Universität Chemnitz eta NaMLab; Italiako Università degli studi di Padova, Infineon Technologies Italia (IFI) eta Università di Milano Bicocca; Norvegiako Eltek; Eslovakiako Slovak University of Technology eta NanoDesign; Suitzako École polytechnique fédérale de Lausanne eta Attolight; Espainiako Ikerlan, 4fores eta LEAR; eta Suediako RISE Research Institutes of Sweden eta SweGaN.

Etorkizuna duen sektorea

Proiektuan, hasiera batean, kargagailuaren garapena, analisia eta ebaluazioa automozioaren sektorera bideratu bazen ere, auto elektrikoaz haratagoko beste arlo eta aplikazio batzuetara ere transferitu daiteke. “Pixkanaka-pixkanaka, jendea txipa aldatzen ari da eta soluzio elektrikora aldatzea baloratzen ari da, eguneroko erabileraren edo beharraren % 90ean erabiltzeko. Horren erakusgarri da bizikleta elektrikoek (bai kirola egiteko, bai herri eta hirietan mugitzeko), patinete elektrikoak eta azkenaldian motor elektrikoek izan duten gorakada”, Mirrek azpimarratu duenez. Horrela, kargagailu mota berri hau interesgarria izango litzateke, arduradunaren arabera, “adibidez, bateriak dituzten tranbientzat, motozikleta elektrikoentzat, 4.0 fabriketan lan egiten duten robot automatikoentzat, orga elektrikoentzat edo etxean izan ditzakegun etxetresna elektrikoentzat, hala nola kafe-makina, likidogailua, txigorgailua, etab.”