Eustatek emandako datuen arabera, eta lan-egutegiko termino homogeneoetan, Euskal AEko industria-produkzioa 2022ko apirilean % 3,5 handiagoa izan da 2021eko hil berean baino. Aurreko hilabetearen aldean, industria-jarduera % 1,1 hazi da, urtaro-ondorioak zuzenduta.

Apirilean ikusitako goranzko joera horren ondoren, Industria-produkzioaren indizearen urteko lehenengo lau hilabeteetan metatutako urte arteko hazkundea % 6,8koa da.

2022ko apirileko indizearen bilakaerak, 2021eko apirilarekin alderatuta, portaera ezberdina izan du industria-sektore handietan: Ekipo-ondasunen sektorean (motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen egitea eta aireontziak edo itsasontziak egitea barne hartzen dituena) % 10,7ko hazkundea izan du produkzioak, eta Bitarteko ondasunetan, berriz, % 1,1ekoa. Azken sektore horretan sartzen dira metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.

Kontsumo-ondasunek, berriz, urte arteko % 0,9ko igoera izan dute oro har, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 1,6ko hazkundearen eraginez; aldiz, Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 1,6ko jaitsiera izan dute. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren epigrafearen barruko jarduerak. Altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun iraunkorren sektoreko jarduerak.

Aitzitik, urte arteko kopuruetan portaera negatiboa izan duen sektore bakarra Energia izan da, % 4,6ko jaitsierarekin. Sektore horretan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioaren fintzea.

Makineria eta ekipoa, pisurik handiena duena

Xehekiago, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2022ko apirilean urte arteko hazkunderik handiena izan dutenak Makineria eta ekipoa (% 14,3), Garraio-materiala (% 7,3) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (% 5,2) izan dira. Beste muturrean, ekoizpenean jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak hauek izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 12,7ko jaitsiera), Elikadura industriak, edariak eta tabakoa (% 9,6ko jaitsiera) eta Kautxu eta plastikoa (% 4,4ko jaitsiera).

Apirileko Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru Lurraldeetan: Bizkaian % 5,0 igo da, Gipuzkoan % 3,3 eta Araban % 1,4.

Egilea Andoni Beitia