Eusko Jaurlaritzak espero du urtea amaitu baino lehen Metro Bilbaoko 4. lineako Amezola-Abando zatiaren eraikuntza-proiektuaren idazketa lizitatzea, Iñaki Arriola Garraio sailburuak iragarri duenez.

Arriolak Elkarrekin Podemos-IUk Bizkaiko hiriburuko metroa handitzeko proiektuari buruz egindako galderari erantzun dio ostiral honetan, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.

Iñigo Martinez legebiltzarkideak azaldu duenez, bere taldea ados dago proiektuaren alderdi batzuekin, hala nola proiektuan “dauden azpiegiturak berrerabiltzearen” aldeko apustua egiten dela.

Hala ere, proiektuak “hainbat defizit” dituela deitoratu du, besteak beste, Termibuserako (Bilboko geltoki intermodalerako) sarbiderik ez dela aurreikusten. Lanak amaitzeko aurreikusitako datei buruz ere galdetu dio Martinezek sailburuari.

Arriolak gogorarazi du proiektuak ia 300 milioi euroko aurrekontua duela, eta adierazi du Abando eta Zorrotza lotuko dituela, Basurtutik igarota, lehenengo fasean; ondoren, Alonsotegirantz joko du.

Informazio-prozesuaren lehenengo zatia, amaituta

Sailburuak azpimarratu duenez, Euskal Trenbide Sareak (ETS) duela hilabete batzuk amaitu du lehen zatiaren informazio-prozesua, Abando, Irala, Errekalde eta Elejabarri auzoetatik igarotzen dena, eta herritarren parte-hartzearen esku utzi du informazio-azterlana.

Gainera, Garraio Sailak linearen garapenean aurrera egiteko “pausoak ematen” jarraituko duela adierazi du. Ildo horretan, Bilbo hegoaldeko eta, batez ere, Irala eta Errekaldeko auzoetako “mugikortasun beharrei erantzuten” diela nabarmendu du.

Arriolak adierazi duenez, linea berri honek “metroko 1. eta 2. lineekin, Basurtuko Ospitalearekin eta etorkizuneko Abandoko geltokiarekin konexioa bermatzen du”.

“Konpromiso bat hartu dugu, eta bete egingo dugu. Eta gurea
Amezola-Abando lehen zatiaren eraikuntza-proiektuaren idazketa urtea amaitu baino lehen lizitaziora ateratzea da asmoa “, adierazi du.

Egilea Andoni Beitia