Herritarren batzarren topaketa Donostian

Gobernantzako adituek eredu berrien alde egin dute, herritarrak eta erakundeak hurbiltzeko, astearte honetan Donostiako Miramar Jauregian egin den ‘Munduan erabakitzeko olatua: herritarren Batzarrak’ nazioarteko topaketan.

Jardunaldian, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi duenez, “Gipuzkoan edo Danimarkan kezka dago gizartearen eta erakundeen arteko urruntze horren inguruan, eta, hemen eta han, hurbiltze eredu berriak garatzeko eta sustatzeko lanean ari gara”.

Ekitaldian izan dira, halaber, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza foru bozeramaile eta Gobernantzako diputatua, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua eta Sebas Zurutuza Foru Aldundiko estrategia zuzendaria.

Jardunaldian parte hartu dutenek adierazi dutenez, herritarren eta erakunde publikoen arteko lankidetza-modu berriak “ezinbestekoak dira egungo testuinguruak planteatzen dituen erronkei erantzuteko”.

Olanok azaldu duenez, nazioartean “erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza- eta gobernantza-eredu berriak aldarrikatzeko ikuspegi berritzailea” garatzen ari dira. “Deliberazio-olatua deritzona azaleratzen ari da, eta haren ekimenik ikusgarrienak Herritarren Batzarrak dira, mundu osoan zabaltzen ari direnak”, adierazi du.

Gainera, “Herritarren eta erakundeen artean zubi berriak eraikitzeko beharra” azpimarratu du, eta gogorarazi du Aldundia “2016tik ari dela horretan lanean Etorkizuna Eraikiz programaren bidez”. “Herritarrekin lankidetzan politika publikoak eraikitzeak balio demokratikoetan sakontzea eta gizarte-kohesioa indartzea dakar, eta, ahalegin partekatu horretan, esperientziak partekatu nahi ditugu nazioarteko arrakasta duten herritarren batzarrekin”, azaldu du.

Herritarrekin lankidetzan aritzea

Urko Aiartza, TMelabeko zuzendaria, eta Arantxa Mendiharat, Deliberativako ordezkaria, topaketaren testuinguruan kokatu dira. Ondoren, Claudia Chwalisz ELGAko kideak, demokrazia deliberatiboan eta berrikuntza demokratikoan munduko adituak, munduko deliberazio-olatuaren egoeraren errepasoa egin du.

Eskoziako Herritarren Batzarraren kasua Stephen Gethins St. Andrews eta Oliver Escobar, Edinburgoko Unibertsitateko zientzia politikoko irakaslea. Gethins Eskoziako Parlamentuko kide eta Energia eta Klima Aldaketari buruzko Eskoziako lehen ministroaren aholkulari berezia izan da.

Eskoziako kasuarekin batera, Danimarkakoa izan da aztertutako bigarren esperientzia. Horretarako, Lars Klüver Danish Board of Technologyko kide eta Danimarkako Teknologia Kontseiluko zuzendariak parte hartu du topaketan, eta 35 urte baino gehiagoko esperientzia du herritarren parte-hartzean eta gizarte-gai garrantzitsuei buruzko aholkularitza politikoari buruzko gaietan. Ondoren, Graham Smithek, Westminsterreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Demokraziaren Ikaskuntzarako Zentroko zuzendariak, herritarren batzarrek etorkizunari begira dituzten erronkei buruz hitz egin du.

Azkenik, Arantzazulabeko zuzendari Naiara Goiak “herritarrekin lankidetzan aritzeko gobernantza modu berrietan sakontzearen” aldeko apustua egin du, “Gobernantza inklusiboagoa sustatuz eta erabaki publiko batzuk hartzeko orduan herritarrei rol protagonista emanez”.