EBk gutxieneko soldata duina ezarri nahi du

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak behin-behineko akordioa lortu zuten atzo gutxieneko soldata duinak bermatuko dituen esparru komun bat ezartzeko, oparotasuna eta gizarte-kohesioa hobetzeko helburuarekin, baina horrek ez du esan nahi hogeita zazpi herrialdeentzat gutxieneko muga komun bat ezarriko denik.

Negoziazio-taldeen mailan lortutako akordioak lege-esparru bat ezartzen du EBko langile guztiek gutxieneko baldintza batzuk beteko dituztela bermatzeko. Hitzarmen kolektiboen mailan gutxieneko soldata babestuta duten herrialdeak ez daude behartuta hori sartzera, ezta hitzarmen horiek aplikazio unibertsalekoak izatera ere.

Akordio horretan oinarrituta, estatu kideek beren herrialdeko gutxieneko soldatak bizi-maila duina bermatzeko egokiak diren ebaluatu beharko dute, baldintza sozioekonomikoak, erosteko ahalmena edo maila nazionaleko produktibitate-mailen bilakaera kontuan hartuta.

EBko negoziatzaileek adostu zuten estatu kideek sektorekako eta sektorearteko negoziazioak indartu beharko dituztela langileak babesteko, gutxieneko soldata bermatuz, eta EBko herrialdeetan, langileen % 80k baino gutxiagok hitzarmen kolektibo baten babesa badute, estaldura hori handitzeko ekintza-plan bat sortu beharko dutela, gizarte-eragileak inplikatuko dituena eta hartutako neurrien berri emango diona Europako Batzordeari. Akordioa Europako Parlamentuak eta hogeita zazpi estatuek babestu behar dute oraindik, behin betikoa izan dadin.