Pandemiak Euskadiko ostalaritzaren ia erdia desagerrarazi du

Ostalaritza sektoreak ostatu-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak eta janari- eta edari-zerbitzuak eskaintzen dituztenak biltzen ditu, eta 2020an 2.371 milioi euro fakturatu zituen, 2019an baino 2.139 milioi gutxiago, urte hartan 4.510 milioi fakturatu baitzituen, eta hori Euskal AEko ia erdia da, % 47,4, hain zuzen ere.

Ostalaritza sektoreak 2020an 60.519 pertsona izan zituen lanean 13.523 establezimendutan, eta enpleguak doikuntza % 5,6 murriztu zuen arren eta establezimendu-kopuruak zertxobait behera egin zuen arren (-% 1,4), gainerako aldagai ekonomiko nagusiek ere fakturazioaren antzeko jaitsierak edo handiagoak izan dituzte.

Horrela, langile-kostuek % 43 egin zuten behera eta balio erantsi gordinak faktore-kostuetan –sortutako aberastasuna adierazten du, eta ustiapen-jardueretatik datozen diru-sarrera gordinei dagokie, ustiapeneko dirulaguntzen eta zeharkako zergen ondoriozko doikuntza egin ondoren– % 52. Hala ere, ekitaldiko emaitza da adierazle okerrena 2020an; izan ere, negatiboan amaitu da (74,3 miloi euro), 2019ekoa baino -% 141,2 gutxiago izanik, kontuan hartuta aurreko urteetan larregi gainditzen zituela 180 milioiak positiboan. Moderatuagoa da lan egindako orduen kopuruan izandako jaitsira, -% 28,8.

Ostalaritza barruan, janariak eta edariak atala –jatetxeak, beste janari-zerbitzu batzuk eta edari-establezimenduak barne hartzen ditu– da nagusi: establezimenduen % 89,9, enpleguen % 89,7 eta fakturazioaren antzeko ehunekoa, % 88,7, hartzen ditu.

2020an, negozio-zifrak mila eta zazpiehun milioitan egin zuen atzera eta bi mila ehun eta lau milioitan geratu zen, eta hori % 45,1eko murrizketa da. Era berean, 2019arekin alderatuta, enpleguak % 4,6 egin zuen behera eta bi mila eta seiehun enplegu galdu ziren, eta guztira 54.256 pertsona aritu ziren lanean atal honetan. % 26,9 gutxiago izan ziren lan egindako orduak.

Agertokia negatiboa izan arren, janariak eta edariak atalak ekitaldia amaitzean 4,4 milioi euroko emaitza positiboa izan zuen, hori bai, aurreko ekitaldiko emaitza baino % 96,3 baxuagoa.

Emaitzak jarduera-maila berezituagoan aztertuz gero, eta janariak eta edariak atal honetan, jatetxeena da garrantzi handiena duen azpisektorea. Ataleko fakturazio osoaren % 51,5 da eta enpleguaren % 45,4. Azken urtean, negozio-zifrak % 43,9ko aldaketa negatiboa izan du, eta enpleguak % 4,3koa.

Edari-establezimenduen azpisektorean ere negatiboa izan da bilakaera fakturazioan (-% 50,5) eta enpleguan (-% 4,0), eta azpisektore osoko lanpostuen % 36,1 eta negozio-zifraren % 35,1 barne hartu zituen.

Azkenik, beste janari-zerbitzu batzuek, horien artean cateringak, % 6,3 egin zuten behera okupatutako langileen kopuruan, baina aurreko bi taldeek baino gutxiago negozio-zifran, – % 31,2, hain zuzen ere, eta ostalaritzaren sektore osoan fakturazioan behera gutxien egin duena da. Janariak eta edariak ataleko enpleguaren % 18,5 eta fakturazioaren % 13,4 da.

Ostatu-zerbitzuen atala hotelen eta beste ostatu batzuen azpisektoreek osatzen dute, eta janarien eta edarien atala baino gehiago zigortu zuten Covid-19aren pandemiaren ondorioek. 2020an 267 milioi euro baino zertxobait gehiago fakturatu zituen, baina 2019an baino 411 milioi gutxiago dira, hau da, % 60,6 gutxiago.

Enplegua % 13,4 uzkurtu zen, nahiz eta establezimendu-kopuruari eutsi egin zaion edo zertxobait gora egin duen (% 1,6), batez ere hotelak ez diren ostatuetan (kanpinak, apartamentuak, etab.), azken horien zifra ez baita aldatu.

2020an salmentek izandako beherakada handiaren ondorioz eta gainerako diru-sarreren eta gastuen kontu-sailek ere neurri beretsuan egin dutenez behera, ostatu-zerbitzuen ekitaldiko azken emaitza negatiboa izan da 78,6 milioi euroan, eta 2019ko ekitaldian, aldiz, 62 milioiko superabita izan zuen.

Ostatu-zerbitzuen atal hau hotelek eta beste ostatu batzuen azpisektoreek osatzen dute, eta lehenengoa da pisurik handiena duena: 2020an enpleguaren % 74,8 eta fakturazioaren % 73,2.

Bilakaera negatiboa 2019rekin alderatuta

Gainerako multzoetan bezala, kasu honetan ere bietan negatiboak dira enpleguaren eta fakturazioaren bilakaerari buruzko zifrak 2019arekin alderatuta. Baina beste ostatu batzuen azpisektorean enpleguan doikuntza -% 1,9koa den bitartean eta salmentena -% 31,9koa, hotelen kasuan enpleguak % 16,7 egin zuen behera eta fakturazioak % 65,9; hau da, hotelek 2019an fakturatutakoaren heren bat fakturatu zuten.

Adierazi behar da bai janarien eta edarien atalean bai ostatu-zerbitzuen atalean, hain tradizionalak ez diren sektoreetako salmentak direla kalte gutxien izan dutenak, hau da, beste ostatu batzuk (kanpinak, apartamentuak…) eta beste janari-zerbitzu batzuk (cateringak). Hotelen salmentek % 65,9 egin dute atzera, jatetxeenek -% 43,9 eta edari-establezimenduek -% 50,5, eta beste ostatu batzuenek eta beste janari-zerbitzu batzuenek, bi kasuetan, % 30 inguru.

Lurraldez lurralde, hiru lurraldeek bilakaera negatiboa izan zuten fakturazioan eta enpleguan 2020an. Arabako ostalaritza izan da kaltetuena, enplegua % 6,8 jaitsi baita eta salmentak % 49,4. Gipuzkoaren kasuan salmentek % 48,8 egin zuten atzera eta enpleguak % 5. Ia beherakada bera izan da enpleguan Bizkaian, -% 5,6koa, eta fakturazioa zertxobait gutxiago jaitsi da, -% 45,8.

Ekitaldiko azken emaitza defizitarioa da hiru lurraldeetan, eta zifrak daude Arabako ia hiru milioi euroen eta Gipuzkoako hogeita hemeretzi milioien artean.

EAEko ostalarien erdia Bizkaian dago

Bizkaian biltzen da Autonomia Erkidegoko ostalaritzaren erdia, hau da, establezimenduen % 52,8 eta enpleguaren % 49,9. Gipuzkoako ostalaritzak establezimenduen % 32,7 hartzen ditu eta enpleguaren % 35,8, eta Arabaren pisua, beraz, enpleguaren % 14,3ra eta lokalen % 14,5era mugatzen da.

Hala ere, lurralde bakoitzeko jarduera ezberdinen barneko banaketak alde erlatibo adierazgarri batzuk jartzen ditu agerian. Horrela, Gipuzkoan jatetxe proportzio handiagoa dago nabarmen, lurraldeko establezimendu guztien % 35,9 baitira, eta sektoreko enpleguaren % 45,5 biltzen dute. Araban, aldiz, establezimenduen % 28,7 eta ostalaritzako enpleguaren % 40,6 biltzen ditu eta Bizkaian establezimenduen % 25,3 eta enpleguaren % 37,4; kasu guztietan lurralde bakoitzeko ostalaritza osoari dagokionez.

Lurraldeen artean aldeak daude hotelen atalean ere. Gipuzkoako ostalaritza-establezimendu guztien % 7,2 jarduera horretan aritzen da, eta beste bi lurraldeetan proportzioa % 3,4ra jaisten da Bizkaiaren kasuan eta % 3,6ra Arabaren kasuan. Datu horiek enplegura eramanez gero, ikusten dugu Gipuzkoan sektoreko langileen % 9,9 horretan ari dela, Bizkaian % 6,5 eta Araban % 6,4.

Hala eta guztiz ere, hiru lurraldeetan, edari-establezimenduen azpisektorea da ugariena establezimendu-kopuruari dagokionez, oso intentsitate ezberdinekin bada ere: % 65,8 Bizkaian, % 58,1 Araban eta % 47,1 Gipuzkoan. Bizkaian ostalaritzan lanean ari diren pertsona guztien % 53,4k edari-establezimenduetan egiten du lan, eta Araban % 35ek baino ez eta Gipuzkoaren kasuan % 28k.

Azpisektoreen bilakaerari dagokionez lurraldeen arteko gorabeherak antzekoak diren arren, hain zuzen ere edari-establezimenduen azpisektorearen bilakaeran daude alderik handienak. Horrela, Bizkaian negozio-zifrak % 48,5 egin du behera era horretako establezimenduetan, eta Gipuzkoan zifra hori % 51,7ra iristen da eta Arabaren kasuan % 56,2ra.

Jatetxeei dagokienez, bolumenean bigarren azpisektore garrantzitsuena baita, negozio-zifra % 45 eta % 45,6 uzkurtu da Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, eta Bizkaian % 41,9.

Mikro-enpresak hobeto moldatu dira pandemiari aurre egiteko

Adierazle ekonomikoek orokorrean behera egin duten testuinguruan, azkenaldiko bilakaerak agerian jarri du mikroenpresak (1-9 enplegu) direla, termino erlatiboetan, enpleguan eta establezimendu-kopuruan hain bilakaera negatiboa izan ez dutenak enpresa txikiekin (10-49 enplegu) edo ertainekin eta handiekin (50 enplegutik gora) alderatuta.

Mikroenpresen barruan, 1-4 langile dituen geruzak 57 establezimendu eta 275 enplegu bakarrik galdu ditu, hau da, % 0,6 eta % 1,4, hurrenez hurren. Antzeko zifrak ditu mikroenpresen hurrengo geruzak, 5-9 langileko enpresenak: establezimenduen % 1 eta enpleguaren % 0,8 galdu ditu. Azkenik, galerak handiagoak izan dira 10-49 langileko enpresetan, enpresarik handienen galerara irisi gabe: enpleguaren % 7,2 eta establezimenduen % 8,1.

Enpresa ertain eta handietako adierazleek bilakaera negatiboagoa jartzen dute agerian; izan ere, azken urtean 2019an zeuden 53 establezimendutatik 34ra jaitsi dira, eta hori % 36 gutxiago da, eta bi data horien artean enpleguaren % 16,2 galdu dute.

Negozio-zifran izandako galera antzekoa da maila guztietan, baina 1-4 langile dituzten mikroenpresetan kasu honetan ere balantzea ez da hain negatiboa izan, -% 44,6koa izan baita eta goiko geruzakoa -% 54,8koa.

Ostalaritza sektoreko establezimenduen tamainaren analisiak agerian jartzen du sektorean mikroenpresa asko (10 langile baino gutxiagokoak) daudela. Horrela, 2020an establezimendu guztien % 92,3 ziren eta fakturazio osoaren % 57,6 sortu zuten, eta langileen % 56,1 zuten.

Beste aldean, 50 langile edo gehiagoko enpresek (enpresa ertain eta handiek), establezimendu guztien % 0,3 izanik, fakturatutako guztiaren % 10,7 fakturatu zuten eta Euskadiko ostalaritzaren sektorean lanean ari ziren langileen % 15,9 zituzten.