MAIALEN MUSATADI / 2020-06-10/ Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan tokiko ekonomia suspertzeko 2 milioi euroko programaren dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu ditu. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, deialdi berri hau Gipuzkoako Ekonomia eta Gizarte Berreskurapenerako Planaren parte da. Plan hori duela gutxi jarri zen martxan, eta enpleguaren eta lurraldearen ongizatearen arloan “funtsezkoa” den sektore ekonomiko baten beharrizan zehatzei erantzuteko sortu da, COVID-19 krisia “gogor zigortzen” ari baita sektorea.
1.500 biztanletik gorako Gipuzkoako udalek jasoko dituzte dirulaguntza horiek, aldez aurretik eskatuz gero. Jaso beharreko kopurua zehazteko, honako hauek erabili dira baremo gisa: biztanleria, txikizkako eta ostalaritzako merkataritza establezimenduen kopurua eta merkataritza eta ostalaritza dentsitatea, gutxienez 6.000 euro eta gehienez 350.000 –ikus erantsitako taula–. Udalei dagokie dirulaguntzak esleitzeko baldintza agiriak egitea. “Deialdi honekin. Aldundiak laguntzen esparru orokorra eta udalek bete beharreko baldintza batzuk ezartzen ditu, laguntza horiek emateko egiten diren prozesuetan”, azaldu du Imanol Lasak.
Hala, Imanol Lasak zehaztu duenez, diruz lagunduko dira txikizkako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetako autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen jarduera ekonomikoa suspertzen laguntzera eta COVID-19aren eragina minimizatzera bideratutako jarduerak. Zehazki, inbertsio eta ekipamendu hauek finantzatuko dira, bai eta inbertsio horiek egiteko beharrezkoak diren azterlanak ere, pandemiari aurre egiteko jarduera ekonomikoa prestatzeko: lokalak eta lan egiteko moduak egokitzea; merkataritza edo ostalaritza lokalak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua, hartara segurtasun eta osasun irizpideak eta protokoloak betetzeko; bezeroekiko eta erakunde hornitzaileekiko harreman berrietako lan moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua. Diru laguntzak kostu hautagarrien % 100ekoak izango dira.
Jarduketa hauek 2020ko martxoaren 14 eta 2020ko abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira. Udal bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du. Deialdiari buruzko informazioa eta eskabide orriak Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren webgunean egongo dira eskuragarri (https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia/inicio). Eskabide orria eta erantsitako dokumentazioa http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa webgunearen bidez edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira (https://www.gfaegoitza.eus).
Aldundiak kontuan hartu ditu, programa berri hau martxan jartzerakoan, hainbat erakunde mailatan merkataritza eta ostalaritza txikiak bultzatzeko egiten ari diren ekintzak. Orobat kontuan hartu ditu sektoreak jasotako eskaerak ere, “osagarritasuna”, “baliabideen ahalik eta aprobetxamendu handiena” eta dauden beharrei “erantzun eraginkorra” ematea bilatuz. “Adibidez, udal asko ari dira ahalegina egiten kontsumo bonuak bultzatzeko. Likidezia errazteko jarduketak ere egin dira. Sektoreari entzun ondoren, ikusi genuen Aldundiak laguntza hori osa zezakeela merkatariek eta ostalariek jarduera mantentzeko eta osasun protokoloak betetzeko egindako inbertsioak finantzatzen lagunduz”, adierazi du Lasak.
Zentzu horretan, deialdiak “babestu nahi du modu desberdinean antolatu behar izan diren establezimenduak egokitzeko ahalegina, negozio-eredua bera birpentsatzeko ahalegina ‘delivery’ edo ‘take away’ ereduaren alde eginez, barretan, sukaldeetan edo terrazetan inbertsioak eginez edo panelak jarriz…”. Laguntzak udalen bidez izapidetzeko erabakiaren helburua, berriz, “lurralde osora modu orekatuan iristea da, haien hurbiltasuna, kaleko errealitatearen ezagutza eta udalerrien garapen sozioekonomikorako gaitasunak bultzatzeko duten ahalmena aprobetxatuz”.
Covid-19aren eragina
Txikizkako merkataritzak eta ostalaritzak Gipuzkoako ekonomian duten pisua eta garrantzia berretsi dute foru arduradunek; izan ere, BPGaren % 16a baino gehiago dira, eta zerbitzuetako enpleguan 40.000tik gora lanpostu sortzen dituzte, eta beste sektore batzuk dinamizatzeko gaitasun handia dute, hala nola garraioa edo erreformak. Halaber, gogorarazi dute jardueraren geldialdiak gehien zigortutako jarduerak direla, funtsezkoak diren establezimenduak saldu, elikagaienak, esaterako. Kalte hori begibistakoa da Gipuzkoan erregistratutako ABEEi erreparatzen bazaie. Maiatzaren 22ra bitarte jasotako datuen arabera, ostalaritza eta merkataritza dira, alde handiarekin, lurraldean espedienteen portzentzaje handienak biltzen dituzten jarduerak, 9.371etik %27,1 eta %25, hurrenez hurren. Eragindako langileen ia % 40 aritzen dira sektore hauetan.
Merkataritzaren kasuan, eta duela gutxi Gipuzkoako Merkataritza Federazioak egindako inkesta baten arabera, deseskalatzearen etapa berria “zailtasunekin” hasi dute establezimenduen % 84,2k. % 36k uste dute urteko fakturazioan izango duten jaitsiera % 26 eta % 50 bitartekoa izango dela, eta % 50ek, berriz, % 51-75 artekoa. Inkesta erantzun duten jabeen erdiak finantzaketa motaren bat eskatu dute dirusarrera faltari aurre egin ahal izateko; ICO maileguak izan dira aukerarik erabiliena – %49,5ek-, eta Elkargiren mailegua bigarrena – %25,3k-.