Etxebizitzen salerosketak % 6,1 egin du gora apirilean Nafarroan

Apirilean Nafarroako jabetza-erregistroetan inskribatutako etxebizitzen salerosketa 542 eragiketetara iritsi da guztira, hau da, urteko aldakuntza-tasa % 6,1 igo da eta aurreko hilabetearen aldean % 30,4 jaitsi da.

Babes-erregimenaren arabera, salerosketa bidez eskualdatutako etxebizitzen % 86,3 libreak dira, eta aurreko urteko hil beraren aldean % 8,6 egin du gora. Etxebizitza babestuen salerosketak % 7,5 egin du behera azken urtean, Nafarroako Estatistika Institutuaren datuen arabera.

Salerosketaren xede diren etxebizitzen egoeraren arabera, % 69,6 erabiliak dira eta urte arteko terminoetan % 9,3ko igoera erregistratu da. Etxebizitza berrien salerosketak % 0,6 egin du behera 2021eko hil beraren aldean. Estatu osoan, urteko datuei dagokienez, salerosketa bidez eskualdatutako etxebizitzen kopurua % 11,9 igo da.

Bestalde, apirilean 2.591 finka inskribatu ziren Foru Erkidegoko jabetza-erregistroetan, duela urtebete baino % 18,4 gutxiago. Landa-finkak % 18,6 jaitsi dira eta hiri-finkak % 18,3. Estatuan, guztira, 173.396 finka eskualdatu dira jabetza-erregistroetan, hau da, 2021eko apirilean baino % 1,3 gutxiago.

Nafarroako datuetara itzuliz, apirilean erregistratutako salerosketen % 80,4 hiri-finkei dagozkie, eta % 19,6 landa-finkei. Hiri-etxebizitzen kasuan, % 57,8 etxebizitzen salerosketak dira.

Urte arteko terminoetan, hiri-finken salerosketa % 2,3 jaitsi da eta landa-finkena % 14. Hil arteko terminoetan, hiri-finken salerosketak % 32,7 egin du behera, eta landa-finkenak % 20, aurreko hilaren aldean. Estatu osoan, salerosketa kopurua % 6,3 gehitu da urteko datuei dagokienez.