Jaiotza-tasak behera egiten jarraitzen du Euskadin

Eustaten datuen arabera, Euskal AEn 14.257 haur jaio ziren 2021ean, aurreko urtean baino % 3,3 gutxiago. Espainiar nazionalitateko amen artean, jaitsiera % 1,5ekoa izan zen, eta atzerriko amen artean, berriz, % 7,7koa.

Lurraldeka, Bizkaiak izan du jaitsierarik handiena (-% 4,9), gero Gipuzkoak (-% 1,8) eta, azkenik, Arabak (-% 1,2). Jaiotzen kopurua 6.957, 4.932 eta 2.368 izan zen, hurrenez hurren.

Hilabeteen arabera, jaiotzen jaitsiera bereziki nabarmena izan da urtarrilean eta otsailean, % 17,9 eta % 13,1 jaitsi baitira, hurrenez hurren, aurreko urteko datuekin alderatuta. Urtearen amaieran, aldiz, azaroan eta abenduan gora egin du, % 5,3 eta % 11,4, hurrenez hurren.

Jaiotza-tasa 6,5 jaiotzakoa izan zen mila biztanleko. Zifrarik altuena Arabak du (‰ 7,2), gero Gipuzkoak (‰ 6,9) eta, azkenik, Bizkaiak (‰ 6,1). Euskal AEn tasa hori 0,2 puntu jaitsi da 2020. urtearekin alderatuta eta 3,2 puntu 2011. urtetik.

Jaiotza-talderik ugariena 30-34 urteko emakumeena da, guztien % 35,2rekin. Ondoren, 35 eta 39 urte bitarteko amengandik jaiotakoak datoz, % 34,5. 40 urte eta gehiagoko taldea % 10etik gorakoa da (% 11), aurreko urtean bezala. 25-29 urteko amen haurtxoak % 13,3 dira, eta 20-24 urtekoenak, berriz, % 4,9. Azkenik, ama nerabeak guztizkoaren % 1,1 izan ziren, aurreko urtean bezala.

Amen nazionalitatea kontuan hartuz, % 27,2k atzerriko nazionalitatea zuten, eta 3.883 haur ekarri zituzten. 2020an, ama atzerritarren ehunekoa % 28,5 zen. Ama horien jatorrizko herrialde nagusiak honako hauek izan ziren: Maroko (758 ama), Kolonbia (325), Nikaragua (261), Errumania (259), Honduras (157), Paraguai (152), Bolivia (131), Nigeria (131), Pakistan (128), Venezuela (126), Aljeria (123) eta Brasil (102).

Atzerriko emakumeek gazteago izan dituzte seme-alabak Euskal AEn bizi diren Espainiako herritartasuna dutenek baino: kasuen % 37,9tan 30 urte baino gutxiagorekin izan dituzte seme-alabak, Espainiako herritartasuna duten amen % 12,4ren aldean.

Amen batez besteko adina gora egiten jarraitzen du

Amen batez besteko adina 33,5 urte izan zen, aurreko urtekoa baino pixka bat handiagoa (33,4), baina balio hori 34,4 urtera igo zen espainiar nazionalitatea zutenen artean, eta 31,2 urtera jaitsi zen atzerriko nazionalitatea zuten amen artean. 2021eko ama lehen erdituen batez besteko adina 32,6 urtekoa izan zen.

2021. urtean, ezkontzaz kanpoko 6.974 haur jaio ziren, hau da, jaiotza guztien % 48,9; 2020an, berriz, jaiotzen % 46,9 izan ziren. Duela 10 urte, 2011n, ezkontzaz kanpoko jaiotzak % 34,3 izan ziren.

Jaiotza-hurrenkera kontuan hartuta, 2021ean izaniko lehenbiziko 6.978 seme-alabak jaiotza guztien % 48,9 izan ziren, bigarrenak % 37,6 eta hirugarrenak eta ondorengoak % 13,4. 2021ean, bizirik jaioen artean, 100 neskatoko 108 mutiko jaio ziren. Mutikoen batez besteko pisua 3.347,7 gramokoa izan zen; neskatoena, 3.235,2 gramokoa.

Jaiolekuaren arabera, nabarmentzekoa da jaiotzen % 89,3 ospitale publikoetan izan zirela, % 10 ospitale pribatuetan eta % 0,7 etxean. 14.113 erditze izan ziren, zeinetarik 13.917 bakunak izan ziren, 195 bikoitzak eta 1 hirukoitza. Erditze guztietatik, 726 goiztiarrak izan ziren (% 5,1).