0 kilometroko produktuak (garbiak, zurituak, zatituak eta ontziratuak) eskola-jantokietara, egoitzetara eta hoteletara banatzeko aukera zentralizatzea proposatzen duen ‘Sukaldean’ proiektuak Bizkaiko Lanbide Heziketaren (LH) inguruan kultura ekintzailea sustatzeko Enpresari Lehiaketaren lehen saria jaso du.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, proiektu hau Leioako Ostalaritzako lau ikaslek diseinatu dute (Galder Novo Azurmendi, Manuel Escudero Noguera, Mitxel de Sousa Alejo eta Unai Durán Rico).

Bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren, honako proiektu hauentzat izan dira: ‘Koof Kombucha’ (CPES Lea Artibai BHIPeko ikasleen proposamena, izen horretako edari ez-alkoholduna landu eta merkaturatzeko) eta ‘Envolvexa’ (fatxadak eraikitzeko eta konpontzeko ideia, zeramikazko plaken eta aire-kameren sistema batekin).

Lehen saria 1.500 eurokoa da, bigarrena 1.200 eurokoa eta hirugarrena 1.000 eurokoa. Gainerakoa, hamar saridunak osatu arte, 500 eurorekin. Bideo onenen sariak iPad Tablet bat dira.

Izen bereko programaren barruan kokatzen da Enpresari Lehiaketa, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak (DEMA, Enpleguko, Gizarteratzeko eta Berdintasuneko Foru Sailari lotua) eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatuta. Gaur arratsaldean sariak jaso dituzten ideia eta proiektuen lehiaketaz gain, Enpresari programak enpresa-ekintzailetzako tailerrak ere hartzen ditu barne, gure lurraldeko Lanbide Heziketako ikastetxe ugaritan.

Ekimen bideragarria

Edizio honetan aurrez hautatutako 70 proiektuak sustatzen zituzten ikasleek garatu ahal izan dituzte, irakasleekin batera, DEMA Agentziaren aholkularitzarekin. Helburua da enpresa-proiektuak egitea, sustatzaileek hala nahi izanez gero errealitate bihur daitezkeenak, aipatutako agentziaren eta Foru Sailaren laguntzarekin, programa honen historian behin baino gehiagotan gertatu den bezala.

Ana Urrutia kazetariak aurkeztutako galan, Gloria Múgica Lanbideko zuzendaria eta Teresa Laespada Enpleguko, Gizarteratzeko eta Berdintasuneko foru diputatua izan dira, eta azaldu du bere Saila prest dagoela lehiaketa honetan parte hartzen duten ekimen ekintzaileak laguntzeko. Izan ere, nabarmendu duenez, “ezin dugu onartu ekimen bideragarri bat bera ere hautsita geratzea”.

“Gure laguntza duzue, DEMAren babesa duzue. Hau ez da hitzak bakarrik. Adibidez, iaz, pandemia eta COVID delakoaren zailtasun eta beldur guztiarekin (hori beti egongo baita modu batera edo bestera), 1.171 ekimen ekintzaile berri babestu genituen, 1.171 enpresa berri. Aholkularitzarekin, prestakuntzarekin, finantzaketarekin, 1.200 pertsona baino gehiago enplegatuko dituzten ekimenekin, asko gazteak ( % 24), gehienak emakumeak ( % 52), hainbat jarduera-sektoretan: moda-diseinutik hasi eta arotzeria metalikora “, zehaztu du.

Egilea Andoni Beitia