Iberdrolak 1.800 milioiko eragina izan du euskal ekonomian 2021ean

Iberdrolak Euskadin duen jarduerak 1.800 milioi eurotik gorako eragin sozioekonomikoa izan du iaz; horietatik 1.000 milioi EAEko 500 hornitzaile baino gehiagoren erosketei dagozkie, eta 200 milioi baino gehiago inbertsioei.

Ostiral honetan Bilboko Iberdrola Dorrean Akziodunen Batzarra egingo duen konpainiak ohar batean adierazi duenez, 2021ean Euskadirekiko konpromisoa berretsi du.

Zehazki, nabarmendu du iaz Iberdrolak 500 euskal hornitzaileri baino gehiagori egin zizkiela erosketak eta zerbitzu-kontratazioak, 1.000 milioi euro inguruko balioarekin.

Bestalde, konpainiak Euskadin egin duen jarduera ekonomikoaren eragin fiskala 488 milioi eurotik gorakoa izan da iaz, eta inbertsioak 200 milioi eurora iritsi dira.

Iberdrolak gogorarazi du konpainiaren planek 10.000 milioi euroko ekarpena ekarriko diotela euskal ekonomiari 2022 eta 2025 bitartean, batez ere inbertsioetan, erosketetan, soldatetan eta diru-sarrera fiskaletan. Ekarpen horrek % 20ko igoera dakar, aurreko laurtekoaren aldean, eta, beraz, “Euskal Autonomia Erkidegoko jardueraren eragile nagusietako bat da”.

Bestalde, azpimarratu du Iberdrola Fundazioa euskal gizartera iritsi dela, batetik, graduondoko beken eta ikerketarako laguntzen deialdiak garatzen dituen programen bidez, eta, bestetik, elkartasun-, lankidetza- eta biodibertsitate-ildoen bidez, esparru horiekin oso konprometituta baitago.

Iberdrolak adierazi duenez, Euskadirekin duen konpromisoak euskal industriaren “dinamizazioa” eta bere enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzea sustatzen du, baita “etorkizuneko sektoreetan kalitatezko enplegua sortzea ere. “Horrela, Iberdrolaren hazkunde globala nazioartekotzeko motor bihurtu da ehunka euskal enpresarentzat, mundu osoan kalitate eta lehiakortasun goreneko produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna erakusten urteak daramatzatelako”, gaineratu du.

Gainera, Euskadin “gogor inbertitzen” jarraitzen duela adierazi du. Zehazki, sare elektrikoei dagokienez, Iberdrolak, i-DE banatzailearen bidez, 400 milioi eurotik gorako inbertsio-plana du 2022-2025 aldirako, eta nabarmendu du funtsezkoak direla eskariaren hazkundeari erantzuteko eta zerbitzua digitalizazioaren bidez optimizatzeko.