Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.660,7 milioi euro), 2022ko apirilean eta aurreko urteko hil beraren aldean, % 30,8ko igoera nominala izan dute, Eustaten datuen arabera. Bolumen esportatzaile horren ondorioz, aurtengo apirilean serie historikoa izan da, eta aurreko hila ere gainditu da; orduan, 2.619,3 milioi euro izan ziren. Esportazio ez-energetikoek % 29,8 egin zuten gora, eta energetikoek, % 47,6.

Inportazioen kasuan (2.479,9 milioi), % 51,3ko igoera egon da, produktu energetikoen % 148,1eko eta ez-energetikoen % 27,6ko igoeraren ondorioz. Merkataritza-fluxu horretan ere, apirilak serie historikoaren zifrarik altuena izan du, aurreko hilaren aurretik (2.238,3 milioi).

2022ko laugarren hilak merkataritza-saldo positiboa izan du, 181 milioi euro ingurukoa, eta % 107,3ko estaldura-tasa ekarri du.

Euskal AEko hiru lurralde historikoek hazkuntza-tasa positiboak izan dituzte, eta igoera-ehunekoak % 19,9koa Bizkaian, % 30,6koa Araban eta % 45,9koa Gipuzkoan. Bizkaiko esportazio ez-energetikoek % 15,7 egin dute gora; Arabakoek, % 30,5, eta Gipuzkoakoek, % 45,6. Esportazio energetikoak, Bizkaiaren kasuan, % 45,8ra iritsi dira.

Araban, esportazioak honako hauetan kontzentratzen dira: “Garraio-materiala” (guztizkoaren % 53,9), % 26,0ko hazkuntzarekin; “Metalak eta haren manufakturak” (urte arteko % 89,5eko igoera); “Plastikoak, kautxua eta haien manufakturak” (% 7,8), eta “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (% 6,8). Lau “arantzel-sekzio” horiek hil honetako garrantzitsuenak izan dira.

Gipuzkoan, gora egin dute “Garraio-materialaren” salmentek (% 49,4), bai eta “Metal eta haien manufakturenek” (% 69,4) eta “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoenek” (% 32,1) ere.

Bizkaiaren kasuan, esportazio-igoera izan da “Metalak eta haien manufakturak” (% 21,1), “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (% 12,3) eta, batik bat, “Produktu mineral eta energetikoak” (% 42,2) ataletan; “Garraio-materiala” atalean, berriz, % 8,9ko atzerakada izan da.

2022ko apirilean, bost herrialdek (Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Italia) eratu dute Euskal AEren bezero nagusien taldea; esportatutako guztizkoaren % 51 hartzen dute (1.357,1 milioi). Haietako hiru EB27koak dira; entitate horri % 63,8 dagokio.

Norvegiari egindako esportazioak, gehien hazi direnak

Frantziara eginiko esportazio kopurua % 29,6 hazi da, Alemaniara eginikoa % 20,1, Erresuma Batuara eginikoa % 34,6 , Estatu Batuetara eginikoa % 64,2 eta Italiakoa % 56,8; era berean, Belgikara (% 13,9) eta Portugalera (% 47,4) eginikoak ere areagotu dira. Hil honetan, Txinari eginiko salmentak % 30,7 areagotu dira, eta Mexikori eginikoak, % 64,8, baita Norvegiari eta Brasili eginikoak ere (% 136,3 eta % 48,1, hurrenez hurren). Errusiari eginikoak % 45,3 jaitsi dira.

EB27tik etorri dira gure inportazioen % 40,8. Europako herrialde garrantzitsuenen artean, Belgika nagusitzen da (% 62,8ko hazkuntza), bai eta Frantzia (% 30,0), Alemania (% 24,8) eta Italia (% 23,6) ere. Erresuma Batukoek % 24,5 egin dute atzera, eta Irlandakoek, % 20,3. Munduko gainerako herrialdeak aztertuta ikusten dugu areagotu direla, era berean, honako herrialde hauetan jatorria duten inportazioek, besteak beste: Txina (% 50,5), Brasil (% 189,3 eta 173 milioi), Mexiko (% 201,6 eta 98 milioi), Estatu Batuak (% 796,7 eta 244 milioi), Egipto (% 1.601,2 eta 84 milioi), Norvegia (% 2.358,3 eta 46 milioi) eta Nigeria (% 18.287,0 eta 100 milioi). Errusiaren kasuan, % 69,5eko atzerapena egon da; 2021eko apirilean, 94,8 milioi izan ziren eta, 2022ko hil berean, 28,9 milioi. Azken herrialde horietako inportazioak funtsean energetikoak izan dira, Txinatik eta Errusiatik datozenak izan ezik; Errusiatik, hil honetan, ez dugu horrelako produkturik inportatu ia (59.000 euro).

Petrolioaren eta olio finduen igoera handia

Nabarmentzekoak dira honako hauen igoerak: “Petrolioaren olio finduak” (% 58,85 eta 60 milioi gehiago aurreko urteko hil berean baino); “Automobilentzako zati eta osagarriak” (% 36,3 eta 178 milioi esportatu); “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak” (% 119,7 eta 51 milioi). Halaber, gora egin dute “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilek” (% 93,2 eta 81,5 milioi), “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilenek” (% 27,9 eta 149,5 milioi), “Kautxuzko pneumatiko berriek” (% 17,7 eta 99 milioi) eta “10 pertsona baino gutxiagoko turismoek” (% 7,2 eta 197 milioi esportatu); hala ere, atzera egin dute “Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteen” esportazioek (–% 66,3). Apirilean, era berean, azpimarratzekoa da “Igogailu, eskailera mekaniko, garraiagailuen…” esportazio-igoera nabarmena (57,6 milioi).

Inportazioen kasuan, arantzel-partidetan, pisu espezifiko gehienekoak, “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinak” (guztizkoaren % 25,8), % 187,6ko hazkuntza izan du, 2021eko hil berean baino 417 milioi gehiago, 639,2 milioiko guztizko erosketetan, honela banatuta: 168,9 milioi Libiarenak, 101,6 Brasilenak, 99,3 Nigeriarenak, 92,4 Mexikorenak, 69,6 Egiptorenak, 65,2 Estatu Batuenak eta 42,1 Norvegiarenak. Joera positibo hori arantzel-partida nagusi gehienek izan dute, eta haien artean nabarmentzen da “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak” partidaren hazkuntza (% 1.230,3 eta 140,2 milioi inportatu), ia guztia “gas naturala”, hil honetan Estatu Batuetakoa (140,1 milioi). Era berean, honako hauen igoera ere nabarmentzen da: “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko produktu plano ijeztuak, txapatuak edo estaliak, > 599 mm” (% 107,1 eta 38,9 milioi), “Metagailu elektrikoak eta horien zatiak” (% 294,2 eta 24 milioi) eta “Garia” (21,9 milioi), Alemaniatik (19,2 milioi), Errusiatik (2,5 milioi) eta Luxenburgotik (0,2 milioi) inportatuak.

Araba

Araban, esportazioek % 30,6ko igoera izan dute, bertako 10 partida nagusiek (kopuru osoaren % 70,6) hazkuntza-tasa positiboak izan dituztelako. Haien artean, honako hauek nabarmentzen dira: “Hodiak eta profilak hutsak, soldadurarik gabe, burdinazko edo altzairuzkoak” (% 310,0 eta 42,9 milioi esportatu) eta, ondoren, “Igogailuak, eskailera mekanikoak, garraiagailuak…” (% 273,2) eta “Tapoi, tapa eta bestelako osagarriak metal arruntezko ontzientzat” (% 124,9).

Bizkaia

Bizkaiko lurralde historikotik eginiko esportazioek % 19,9 egin dute gora, aurreko urtearekin alderatuta. Hamar partida nagusietatik (kopuru osoaren % 45,4), hazkuntza-tasa handiena “Biodiesela eta bere nahasketak, petrolio edo mineral bituminoso oliorik gabe edo pisuan % 70etik beherako edukiarekin” partidak izan du (% 341,1 egin du gora eta 15,3 milioi gehiago izan ditu aurreko urtean baino); ondoren, “Burdinazko edo aleatu gabeko altzairuzko profilak, forjatuak, tortsionatuak edo sekzio zirkularrekoak edo laukizuzenekoak” (% 235,2) eta “Petrolioaren olio finduak” (% 57,2 eta 159,3 milioi esportatu).

Gipuzkoa

Gipuzkoako esportazioek % 45,9 egin dute gora, eta joera positibo nabarmena dute, aurreko urteko hil berarekin eta gainerako lurraldeekin alderatuta. Esaterako: “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” partidatik 58 milioi euroko balioan esportatu da eta 2021eko apirilean partida horren esportaziorik ez zen egon; “Forjatzeko, estanpatzeko, zizailatzeko, puntzonatzeko, tailatzeko, biribilkatzeko, kurbatzeko, tolesteko, zuzentzeko edo lauteko makina-erremintak eta prentsak” % 346,7 hazi dira eta “Materiala erauziz metala zulatzeko, eskariatzeko, fresatzeko edo hariztatzeko makinak, tornuak izan ezik” % 189,4 hazi dira, eta “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilek” % 97,0 eta 78,5 milioi esportatu. Partida horietatik, batek ere ez du urte arteko tasa negatiborik izan.

1.159,4 milioi euroko superabita kanpoko saldoan

2022ko lehen lau hilotan, Euskal AEko esportazioek % 24,0ko igoera izan dute, aurreko urteko aldi beraren aldean; alegia, 1.159 milioi euro gehiago. Aldi horretan zenbateko esportatzailea 10.052 milioikoa da, eta kopuru horri Bizkaiak egiten dio ekarpenik handiena, 4.048 milioikoa (guztizkoaren % 40,3), gero Arabak (2.945 milioi) eta, ondoren, Gipuzkoak (3.059 milioi).

Bizkaiko esportazioek, gainera, urte arteko hazkuntza handiena izan dute, 831,1 milioi gehiago 2021ean baino, eta % 25,8ko hazkuntza erlatiboa. Araban, igoera % 20,0koa da (489,9 milioi gehiago) eta, Gipuzkoan, % 25,5ekoa (621,3 milioi gehiago).

Esportatutako produktu mota kontuan hartuta, egiaztatu da esportazioek hazkuntzak izan dituztela, bai “Produktu energetikoenek” (378,3 milioi gehiago), bai “Produktu ez-energetikoenek” (1.564,1 milioi gehiago 2021eko hil bereko metatua baino).

Gehien saldu diren hamar produktuek (arantzel-partidak) guztizkoaren % 41,5 kontzentratzen dute, 4.153,7 milioiko zenbatekoarekin. Haietako batek baino ez du egin pixka bat atzera, 2021eko aldi beraren aldean: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” partidak; % 9,0 behera egin badu ere, jarraitzen du Euskal AEn esportazio-bolumen handiena duen partida izaten. Gehien hazi diren produktuen artean honako hauek nabarmentzen dira: “Petrolioaren olio finduak” (% 114,3 eta 371 milioi euro gehiago 2021ean baino, eta ehuneko hori murriztu egiten da % 28,5era, euroak kontuan hartu beharrean esportatutako tonak kontuan hartzen badira). Zerrendako gainerako produktuetan, aurrerapenak % 10,5 (54,5 milioi euro gehiago) eta % 98,8 bitartekoak dira (98 milioi euro gehiago), “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” eta “Hodi eta profil hutsak, burdina edo altzairuzkoak” partidetakoak, hurrenez hurren. Honako igoera hauek ere badira kontuan hartzekoak: “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak”, “Txapak eta zerrendak, aluminiozkoak, 0,2 mm-tik gorako lodiera dutenak” eta “Automobilentzako zati eta osagarriak”, % 57,6ko, % 56,1eko eta % 28,3ko aldakuntza positiboak izan baitituzte, hurrenez hurren. Aipatu behar dugu “Animalien edo landareen koipeak eta olioak, erabilera tekniko industrialetara bideratuak” partidak izan duen igoera handia; rankingeko hamahirugarren postua betetzen du, eta % 105,5ekoa da (61,9 milioi euro gehiago).

Gure esportazioen helmuga-herrialdeen sailkapenean, aztertutako aldian, Frantzia da herrialde hartzaile nagusia, guztizkoaren % 16,1ekin. Frantziaren ondoren, Alemania (% 15,8), Estatu Batuak (% 6,4), Erresuma Batua (% 6,1) eta Italia (% 6) daude, eta, hala, bost herrialdeek esportazioen % 50,3 hartzen dute.

Euskal AErako inportazioen metatua, aintzat hartutako aldian, 8.892,6 milioi euro ingurukoa da. Zifra hori urte artean erkatuz gero, 2021eko aldi berean erregistratutakoa baino 2.749 milioi handiagoa dela ikusten dugu. % 44,8ko gorakada hori izan da, zati handi batean, Bizkaiko lurraldean (5.200,7 milioiko balioa duten inportazioak ditu) % 57,8ko gorakada egon delako, alegia, aurreko urteko aldi berean baino 1.904,8 milioi gehiago. Araban ere inportazioek aurrera egin dute, % 31,3 termino erlatiboetan, 447,7 milioi euro gehiago salduta, eta, Gipuzkoan, % 28,0ko igoera izan dute eta 396,8 milioi euro gehiago; inportatutakoaren balioa 1.877,1 eta 1.814,9 milioi euro izanda, hurrenez hurren, bi lurralde horietan. “Produktu energetikoen” inportazioak % 96,8 egin du gora, aurreko urteko aldi beraren aldean, eta “Produktu ez-energetikoenak”, % 33,0.

Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2022ko lehen lau hiletan, 1.159,4 milioi euroko saldo positiboa izan du, eta aldeko estaldura-tasari eustea dakar, % 113,0koa.

Aljeriaren egoera

Aljeriara bideratutako Euskal AEko esportazioak 66,8 milioi eurokoak izan ziren 2021ean, eta bilakaera horrek, eskuragarri dagoen seriean izandako gorabeherak kontuan hartuta, gure erkidegoak herrialde horretara egiten duen esportazioaren maximoa 2014an markatu zuen, 403,4 milioi eurokoa.

Hain zuzen ere, joan den hamarkadaren erdialdean izan zuen Aljeriarekiko kanpo-merkataritzak aldirik biziena, 2015ean 301,1 milioi eurokoa edo 2013an 244,7koa. Esportazio-jarduera handiko beste aldi bat 2008 eta 2010 artean gertatu zen, guztira 962 milioi esportatzera iritsi ziren hirurtekoan.

COVID-19aren pandemiaren aurreko urteetan, aldiz, esportazio-tartea 200 milioira iristen zen. Bestalde, aurten, urtarriletik apirilera, 29,9 milioi euroko esportazioak egin dira Aljeriara.

2021ean, Aljeriara egindako esportazioak gure erkidegoko enpresek esportatutako guztizkoaren % 0,26 izan ziren. 2015era jo behar da % 1etik gorako balioak aurkitzeko, zehazki % 1,4koak. Herrialde horretara eginiko esportazio-pisurik handiena 2009an lortu zen, esportatutako 314,7 milioiak globalaren % 2,1 izan baitziren.

Beste ezaugarri honek ere definitzen du Aljeriarekiko merkataritza: Euskal AEko esportazio-jarduera produktu kopuru txiki batean zentratzen da (arantzel-partidak). Mediterraneoko arroko herrialde horretara esportatutako kopuru osoaren % 60 hamar produktuk baino ez dute kontzentratzen. Nabarmentzekoa da duen bolumenagatik Kraft papera eta kartoia, iztukatu eta estali gabea, bobina edo orritan; salgaia bidali zuen 20,6 milioi euroko balioan eta, beraz, partida horrekin soilik esportazioen % 30,8ra iristen da.

Lehenengoarekin lotutako beste partida batzuk, zenbateko txikiagokoak, honako hauek dira: Prentsa papera bobina (biribilkiak) edo orritan, 3,5 milioi euro, eta Papera eta kartoia iztukatu eta estali gabea, helburu grafikoekin, bobinetan edo zulatzeko orri eta zintetan, 1,6 milioi.

Esportatutako gainerako lehenengo hamar produktuetatik, 2021ean bi milioi euro baino gehiago izan dira: Zentrifugagailuak eta likidoak edo gasak iragazteko aparatuak eta horien zatiak, Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak eta Ore zelulosikoa, papera, kartoia eta horien akabera fabrikatzeko makinak, lehenengoa 3 milioi eurorekin eta beste biak 2,1 milioi eurorekin.

Inportazioei dagokienez, azpimarratzekoa da herrialde horrek gure nazioarteko merkataritzan duen presentzia urria. Azken urte osoak, 2021 eta 2020, ez ziren 8 milioi eurora ere iritsi, 7,6 milioi urtero, zehatzago esateko, gure inportazioen % 0,04 baino ez.

Pandemia aurreko urteak indartsuagoak izan ziren, bereziki 2018an, inportatutako 59,6 milioi eurorekin, edo urte batzuk aurretik oraindik, 2013an, 247,4 milioirekin, ezagutzen den seriearen inportazio-bolumen handieneko urtea izan baitzen. Urte horretatik aurrera, gutxi izan dira 50 milioitik gorako aldiak.

Esportazio-jarduera barietatean mugatua zen, eta inportatzailea monokromatikoa dela esan daiteke. Hala, Afrikako iparraldetik inportatutako 7,6 milioietatik 7,4 milioi partida bakarrari dagozkio, ” Beira flotatua eta arbastatutako edo leundutako beira”ri, Aljeriatik inportatutako zenbatekoaren % 97,3 xurgatzen baitu.

Duela gutxi, Petrolioaren edo mineral bituminosoen olio gordinak partidaren inportazio esanguratsuak egin dira; 2013an 220,6 milioi eurokoak izan ziren –inportatutako kopuru osoaren % 89,1–, 43,2 milioikoak 2018an –guztizkoaren % 72,5 – 7,6 milioikoak 2017an –% 24,9– edo 37,3 milioikoak 2015ean –% 99,7–.

Petrolio-gasaren eta gainerako hidrokarburo gaseosoen partidarenak esanguratsuak izan dira. 2020an eta 2021ean izan ez badira ere, hurrenkera kronologikoari jarraikiz, 15,2 milioikoak izan dira 2019an, 12,6 milioikoak 2017an, 82,1 milioikoak 2014an, 25,0 milioikoak 2013an, 2,1 milioikoak 2012an, 58,7 milioikoak 2011n eta 31,8 milioikoak 2010ean.

Kasurik onenean, 2013an, Petrolioaren olio gordinak edo mineral bituminosoak eta Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak partidetan, Aljeriatik etorritako inportazioak herrialde guztietatik kontzeptu horiengatik inportatutako kopuru osoaren % 7 izan ziren. 2019an, balioa izan duen urterik hurbilenean, bi partidetan inportatutako kopuru osoaren % 0,3 izan zen.

Erraz ondorioztatzen denez, Aljeriarekiko merkataritza-saldoa positiboa izan da beti, 2013an izan ezik, –2,7 milioikoa izan baitzen. 2021ean, saldoa 59,2 milioikoa zen eta 57,1ekoa 2020an. Aurten, lau hilabete hauetan, 25,1 milioiko zifra lortu da. Saldo historiko handiena 2014an erregistratu zen, 319,4 milioikoa, eta nabarmen gainditu ziren 200 milioi 2015ean eta 2016an. Oraintsuago, 2019an, 154,5 milioikoa izan zen.

Egilea Andoni Beitia