MAIALEN MUSATADI / 2020-06-24/  Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu ditu Gipuzkoako sare sozio-ekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez berraktibatzeko programaren dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak. Deialdi horretara 825.000 euro bideratuko dira. Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, programa honen bidez eskualde mailako estrategiak, gaitasunak eta dinamikak bultzatuko dira eremu sozio-ekonomikoa berraktibatzeko, eskualdeko jarduera ekonomikoari, enpleguari, dimentsio lehiakorrari eta kohesio sozialari eusteko helburuarekin: “Hori inoiz baino erronka handiagoa da pandemiak eragindako krisiaren aurrean”.

Lasa hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Eider Mendoza foru bozeramailerekin batera, gaurko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Dirulaguntza lerroari helduta, foru arduradunek azaldu dute erakunde onuradunak izango direla Gipuzkoako tokiko garapeneko eskualde agentziak, tokiko erakundeak, mankomunitateak eta beren eskualdean garapen agentziarik ez duten Gipuzkoako udalek osatutakoak. Zehazki, urteko deialdi hau egokitu egin da, hartara COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioak minimizatzen eta suspertze sozio-ekonomikoa bultzatzen lagunduko duten prozesuak eta dinamikak sustatzen dituzten proiektuak lehenesteko, honako kasu hauetan: eskualdearen egoera aztertzea analisi estrategikorako tresnak erabiliz (PESTEL, AMIA); Eskualdeko Plan Estrategikoa eguneratzearen ondoriozko lan ildoak eta lehentasunak finkatzea; mapa sozio-ekonomiko bat egitea; eta eskualdeari jarduera ekonomikoen jasangarritasunerako behar diren baliabideak ekartzea.

Jarduketa horiek 2020ko martxoaren 14tik 2021eko apirilaren 30era bitarteko aldian egin beharko dira. Informazioa eta eskabide-inprimakiak eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian. https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia, eta eskaerak aurkeztu ahal izango dira dela http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa webean, dela Foru Aldundiko erregistro elektronikoaren bidez (http://egoitza.gipuzkoa.eus).

“Azken finean, indarrak batzea da helburua, COVID-19ak ekarri dituen beharrak identifikatzeko, eta erakundeen eta eragile ekonomiko eta sozialen artean partekatutako irtenbideak abian jartzea, eskualde bakoitzaren berezitasunetatik abiatuta, bakoitzaren ahuleziak eta indarguneak kontuan hartuta, eta garapen orekatu eta iraunkorraren alde eginez, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik”, adierazi du Lasak. Horren ildotik, gaineratu du eskualdeak “ezinbesteko aliatuak” direla erronka horretan, “sarkortasunagatik, errealitatearen ezagutzagatik eta sare ekonomikoarekiko hurbiltasunagatik. Batez ere enpresa txiki eta ertainekiko eta autonomoekiko, krisiaren ondorioak gogor pairatzen ari baitira eta haiei laguntzea lehentasuna baita une honetan. Lankidetza gure indarguneetako bat izan da beti, eta egoera honetan gure iparrorratz izaten jarraitu behar du”. 

Horregatik, eta Ekonomia Sustatzeko Departamentuko oinarrizko deialdietan bezala, programa honen aurrekontu zuzkidurari eutsi zaio, eskualdeetako eragileei ere baliabideak errazteko; izan ere, epe laburrean ahaleginak egin behar izan dituzte krisiaren ondorioak arintzeko, eta horrek eragina izan du haien egoera ekonomikoan.

Diputatuak azpimarratu du eskualdeekiko lankidetza “iraunkorra” eta “emankorra” izaten ari dela. Horren ondorioz, martxoan sare ekonomikoari zuzendutako online plataforma bat jarri zen martxan, hartara eskura jartzeko COVID-19ak jarduera ekonomikoan eragindako kalteak arintzeko programei, laguntzei eta baliabideei buruzko informazio interesgarri guztia. Bertan, jarduera ekonomikorako eta enplegurako neurriei eta laguntzei buruzko informazioa ematen da, enpresa jardueraren erregimenaren arabera banatuta (partikular autonomoak eta enpresak), eta jarraibideak eta orientazioa lau eremutan ematen dira: lan osasuna, lan eremua, laguntza publikoak eta fiskalitatea. 15.000 kontsultatik gora jaso ditu jada.

Egilea Andoni Beitia