Udako Ikastaroa euskal baserri munduaren etorkizunari buruz

Eustatek eta Hazik ‘Landa-mundua Euskadin eta bere etorkizuna: estrategiak eta proiekzioa’ ikastaroa antolatu dute datorren astelehenerako eta astearterako, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Donostian egingo dituen Udako Ikastaroen barruan. Helburua “Euskal landa-munduaren ikuspegi integrala eskaintzea da, etorkizuneko estrategiak ezartzeko funtsezkoa”, azaldu dute ohar batean.

Horretarako, arlo honetan esku hartzen duten adituak eta eragileak
Donostiako Miramar jauregian, euskal landa-ingurunearen egoera eta horri lotutako politika publikoak aztertuko dituzte.

Pedro Azpiazu Uriarte Ekonomia eta Ogasun sailburuak irekiko du ikastaroa, ekainaren 20an, 09: 00etan. Ondoren, programatutako mahai eta ponentziei ekingo zaie.

Horrela, lehenengo egunean landa-ingurunearen egungo egoeraren ikuspegi orokorra eskainiko da, Eustatek argitaratu berri duen 2020ko Nekazaritza Zentsuaren datuen bidez, eta egoeraren ikuspegi prospektiboagoa adierazleen bidez. Gainera, erakundeen indarreko eta etorkizuneko planteamenduak zein diren erakutsiko da.

Bigarren egunean, landa-ingurune bereko ahotsek etorkizuna proiektatuko dute beren jarduera-eremuetatik: gizarte-berrikuntza, ingurumenaren iraunkortasun- eta kontserbazio-irizpideak txertatzea eta jarduera ekonomiko berriak garatzeak dakarren berrikuntza.