Iñigo Urkullu lehendakaria kezkatuta agertu da Estatu espainiarraren eta Aljeriaren arteko krisi diplomatikoak Euskadin izan dezakeen eraginagatik, gasaren prezioa berriro igotzeko probabilitatea dagoelako, Ukrainako gerrak edo inflazio handiak eragindako zailtasun ekonomikoekin batera.

Gainera, Aljeriarekin duen gatazka horrek Euskadirekiko merkataritzan izan dezakeen eraginari ere egin dio erreferentzia; izan ere, herrialde horrekiko merkataritza-trukeak 73 milioi eurokoak dira, eta merkataritza-balantzak, berriz, 59 milioiko saldo positiboa du.

Esan duenez, 14 dira Aljerian presentzia zuzena duten euskal enpresak, nahiz eta produkzio-instalazio bakarra izan.

Egoera horren jarraipena egiteko Eusko Jaurlaritzaren eta kaltetutako enpresen arteko lantalde bat sortuko dela iragarri du Urkulluk, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko Jaurlaritzak ezarri dituen laguntzak gogorarazi ditu.

PP+Cs taldeko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioan Eusko Jaurlaritzak Aljeriarekiko merkataritza-arriskuen aurrean garatuko dituen ekintzei buruz egindako galderari erantzunez, lehendakariak adierazi du oraingoz kezkaz baina zuhurtziaz ikusten duela krisi hau, oraindik ez baitago argi nola garatuko den gatazka hori.

Hala ere, egoera “ziurgabetasuna” dela onartu du, eta Aljeriak Espainiari gasa hornitzeko kontratua haustea aurreikusten ez bada ere, energia mota horren prezioetan ondorioak egon daitezkeela ohartarazi du.

Hori “zailtasun gehigarria” da susperraldiaren bidean, eta “ziurgabetasun eta kezka eremu berri bat” sortzen du, ohartarazi duenez.

Espainiako Gobernuak gas-muga onartu arren, Aljeriarekin izandako krisiaren ondorioz erregaien prezioaren igoerari gehituko litzaiokeen faktura gehigarri bat sor daitekeela azaldu du, “Izan ere, litroko 20 zentimoko deskontua jan da”. Iragarri duenez, enpresa elektrointentsiboek prezioen igoera horren ondorioak jasaten jarraituko dute.

Egilea Andoni Beitia