Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak nabarmendu du landa-ingurunea “etorkizun iraunkor eta orekatu baten zutabeetako bat” dela Eustatek eta Hazi Fundazioak antolatutako ‘Landa-ingurunea Euskadin eta bere etorkizuna’ Udako Ikastaroaren irekieran.

Donostiako Miramar Jauregian Ikastaroaren inaugurazioan egindako hitzaldian, Azpiazuk azpimarratu du landa-inguruneak zer eginkizun izan dezakeen “belaunaldi berrientzako etorkizun jasangarri eta orekatua” lortzeko, eta “Euskadi Next programan sartutako proiektuen bitartez hura eraldatzeko eta denboretara egokitzeko ireki den aukera”.

‘Landa-ingurunea Euskadin eta bere etorkizuna; estrategiak eta proiekzioa’ izenburupean, eta bi egunez, Eustatek udako ikastaro hau planteatu du, Euskadiko landa-ingurunearen, oro har, eta, bereziki, lehen sektorearen, egoeraren ikuspegi orokorra emateko.

Sailburuak nabarmendu duenez, landa-inguruneak “etorkizun jasangarri, orekatu eta guztiontzako ongizatea lortzeko gai izango denaren zutabeetako bat izan behar du, gure ingurunea etorkizuneko belaunaldientzat arriskuan jarri gabe”.

Bere ustez, “Datozen ekonomia- eta ingurumen-erronkak gero eta lotuago eta lotuago daude”. “Tokikoaren hazkundeak jasangarritasun maila handiagoa dakar berekin”, azaldu du.

Azpiazuk azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzatik, lehen sektorearen aldeko apustua garbia da”. Horrela, Europako funtsak erakartzeari begira, Euskaditik “hura eraldatzeko eta garaira egokitzeko gai diren sektoreko hainbat proiektu identifikatu dira, gure Euskadi Next programan sartuta daudenak”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan landa-inguruneari buruz jasotako baliabideak ere zehaztu ditu: “30,4 milioi euro nekazaritza eta arrantzako ikerketa eta garapenerako, 92 milioi nekazaritzarako, tokiko eta itsasertzeko garapenerako, 28,6 milioi arrantzarako, 39 milioi elikagaien kalitaterako eta HAZIk 30 milioi euro inguruko aurrekontua du”.

Egilea Andoni Beitia