Zibersegurtasuneko Ziur zentroak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sustatuta, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Zibersegurtasuneko Enpresa Gela bat sortzeko. Ikasgela horrek prestakuntza espezifikoagoa emango die ikasleei enpresa-esparruko eraso informatikoetatik babesteko, profesionalek hobeto erantzun ahal izan diezaieten ehun ekonomikoaren behar zehatzei.

Ekonomia Sustatzeko diputatu Jabier Larrañagak eta EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak sinatu dute gaur mundu akademikoa eta enpresa-sarea gehiago hurbiltzeko akordioa. Ekimen honek industriak eta zibersegurtasunean espezializatutako konpainiek behar dituzten gaitasunak eta profilak bilduko ditu, eta Informatikako ikasleei helaraziko dizkie, zehaztasun handiagoz ezagut dezaten zer gaitasun eta ezagutza behar dituzten eta horren arabera presta daitezen.

Ziurrek gradu-amaierako lanak edo praktikak izango ditu urtero, eta industria-enpresetan, zibersegurtasun-konpainietan eta zentro teknologikoetan egingo dira. Gainera, ikasleek enpresekin lankidetzan gainditu beharko dituzten hainbat erronka definituko dira. Ildo horretan, foru erakundeak jakinarazi du EHUk lantalde bat sortuko duela, erronka horiek aztertu eta zibersegurtasunarekin lotutako hitzaldiak emango dituzten irakasle eta ikasleek osatua.

Ekonomia Sustatzeko diputatu Jabier Larrañagak azpimarratu du pertsonak eta talentua “faktore erabakigarria” direla ekonomia eta gizarte-ongizatea sendotzeko, eta Zibersegurtasuneko Enpresa Gela honek hori bultzatzen laguntzen duela, pertsonen prestakuntzan zentratzen delako. Bestalde, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak azpimarratu du akordio horrek indartu egiten duela unibertsitateak Gipuzkoako Aldundiarekin duen lankidetza, eta esparru horretan “egungo beharrei eta etorkizun hurbilean sor daitezkeenei” erantzun nahi diela.

Egilea Andoni Beitia