Lanbideren Administrazio Kontseiluak, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua buru dela, ekintzaileei laguntzeko, lanean ari diren langileak eta langabeak prestatzeko eta ikertzaile gazteak kontratatzeko hainbat ekimen onartu ditu astearte honetan, guztira 105,9 milioi euroko zenbatekoarekin.

Lan eta Enplegu Sailak ohar batean zehaztu duenez, onartutako lehen deialdia langabeen 2022 eta 2024 urteen arteko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko diru-laguntzei buruzkoa da.

65,9 milioi euroko zuzkidura du, eta hartzaileak, batez ere, langabetuak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan eskatzaile gisa edo Gazte Bermea Sistema Nazionalaren Fitxategian izena emanda daudenak dira.

Era berean, autonomiako beste enplegu-zerbitzu batzuetan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute, eta, lehentasunik gabe, landunek, betiere guztizkoaren % 30 gainditu gabe. Idoia Mendiaren Sailak zehaztu duenez, deialdi hau da langabeentzako prestakuntza-eskaintza nagusia, Eusko Jaurlaritzaren mende ez dauden erakunde pribatu edo publikoekin egin beharrekoa.

Era berean, langile landunen prestakuntza-eskaintza finantzatzeko deialdia onartu da 2022tik 2024ra, 29,8 milioi euroko zenbatekoarekin. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskadiko langile guztiek, mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile profesionalek, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileek (guztizkoaren % 10eko mugarekin) eta prestakuntza-plan horien erakunde titularren plantillako langileek (guztizkoaren % 10eko mugarekin).

Gainera, Lanbiden eskatzaile gisa, beste Enplegu Zerbitzu Publiko batean edo Gazte Bermearen Fitxategian izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Ekintzailetza sustatzeko laguntzak

Onartutako beste programetako bat ekintzaileei laguntzeko laguntzen deialdia da, 3,7 milioi eurokoa, lau ildoren bidez: enpresa-ideia bat garatzeko, proiektu berriak abian jartzeko, proiektua ezartzeko eta enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak. Deialdi honetan toki-erakundeen lankidetza aurreikusten da, ekintzaileei laguntza eta tutoretza emateko.

Bestalde, joan den abenduan gaitutako partida 6,5 milioi handitzea onartu da, 9,7 milioirekin, EBko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan Ikerketa Programa finantzatzeko.

Deialdi honek 16 eta 30 urte bitarteko ikertzaile gazteak, teknologoak, teknikariak eta I+G+Bko beste profil profesional batzuk kontratatzea aurreikusten du, baita ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako erakunde publikoetan, unibertsitate publikoetan, zentro teknologikoetan, parke zientifiko eta teknologikoetan, irabazi asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatuetan, fundazio gisa, ikerkuntzan eta berrikuntzan inbertitzen duten enpresekin batera ere.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, laguntzen xede diren jarduerak arlo hauetan garatuko dira: osasuna, trantsizio ekologikoa eta ekonomia berdea, zerbitzuen digitalizazioa eta datuen ingeniaritza, bai eta gizarte-, kultura- eta arte-arloetarako edo beste edozein ikerketa-proiektuak ere.

Langile gehiago

Era berean, Administrazio Kontseiluak argi berdea eman dio plantilla indartzeko programaren bigarren faseari, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren espedienteen izapidetzea arintzeko, joan den martxoaren 16an sinatutako eta apirilaren 1ean bere gain hartutako transferentziaren ondoren.

Hil honen amaieran, administrazio-profileko 20 pertsona eta Enpleguko eta Enplegurako Prestakuntzako 4 pertsona sartuko dira aldi baterako, eta horiek joan den maiatzean sartutako 20 administrariei, Enplegu eta Prestakuntzako 4 teknikariri eta 3 aholkulari juridikori batuko zaizkie.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du martxoaren 22an lehendakariordeak Legebiltzarrean iragarri zuela eskumen berriak bere gain hartzeak Lanbideri eskatzen diola eskaera berrien sarrera-fluxua kudeatzea, transferentziaren aurretik metatuta zeuden izapidetu gabeko guztiak kudeatzea, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eskualdatutako espediente aktiboak kudeatzea. Indartze-programak bi urteko iraupena izango du, eta beste urtebetez luzatu ahal izango da.

Azkenik, bi zerbitzu-batzorde onartu dira Gasteizko eta Sestaoko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroen jarduera kudeatzeko. Bi zentro horiek, Oarsoaldean dagoenarekin batera, Europar Batasuneko MRR funtsek finantzatzen dituzte, eta laneratzea eta kalitatezko enplegua sustatzen duten proiektu berritzaileak sustatu nahi dituzte.

Egilea Andoni Beitia