Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du enpresak sortu eta garatzeko prozesuari laguntzeko programaren aurtengo deialdia. Guztira, 1.828.500 euro bideratuko dira pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzeko.

Deialdia hiru laguntza-ildotan banatzen da: enpresa-proiektuei laguntzea enpresa sortzeko prozesuan -TXEKIN, 122.500 euro-; emakumeek sustatutako enpresa-proiektuei laguntzea -Emekin, 245.000 euro-; eta oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko enpresak sortzen laguntzea -Txekintek-Barnet-, 1.461.000 euro. Oinarriak, dagozkien informazio eta baldintza guztiekin, laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).

Eider Mendoza foru bozeramaileak asteroko agerraldian eman du neurri horren berri, azken Gobernu Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, laguntza horien helburua da, alde batetik, “Enpresen barne-ekintzailetza sendotzea, lehiakortasuna indartzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko”.

Bestetik, Aldundiak baliabide gehiago bideratu nahi ditu “ekintzailetza aurreraturako”, batez ere Euskadiko RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat datozen esparruetan eragiteko.

“Proiektu horiek gure sare ekonomikoa dibertsifikatu eta eraldatzeko gaitasuna dute, balio erantsi handiko sektoreetan kokatuz, hala nola mugikortasun berrian, fabrikazio aurreratuan edo biozientzietan”, adierazi du, eta gaineratu du emakumeen presentzia enpresa-munduan handitzearen aldeko apustua ere azpimarratzen dela.

Iaz, programa honek 277 enpresa-proiektu sortzen lagundu zuen, horietatik 170 emakumeek sustatuak eta oinarri teknologikoko 83 start-up. “Pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzea beharrezkoa da gure sare ekonomikoa indartzeko. Gipuzkoan dauden ahalmen, ekiteko gogo eta ezagutza guztiak bideratu behar ditugu, susperraldi ekonomikoa eta soziala bizkortzeko eta krisi hau gainditzeko funtsezko aktiboak baitira “, adierazi du.

Estrategia hori aurrera eramateko, foru arduradunak azaldu du, laguntza horiez gain, Aldundiak hainbat arlotan lan egiten duela. Elkargirekin lankidetzan arituz, emakumeek bultzatutako startupak eta enpresak finantzatzen laguntzen du urtero, eta BIC Gipuzkoaren eskutik, enpresa berritzaile berriak sortzeko prozesua bultzatzen du, eta nazioarteko azelerazio-programak martxan ditu.

Era berean, Europako RIS-3 estrategiarekin batera eta Etorkizuna Eraikizen barruan, erreferentziazko zentroak hedatzen ari dira zibersegurtasuna, mugikortasun berria, gastronomia digitala eta zahartze osasungarria bezalako sektoreetan, eta proiektu berritzaileak kapitalizatzen laguntzen du Seed Gipuzkoa, Basque Fondo edo Biozientziak Fundazioaren bitartez. Gainera, zerga-esparrutik ere pizgarriak daude startup berritzaileetan edo enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik.

Egilea Andoni Beitia