Mondragon Korporazioak 2021eko balantzea aurkeztu du, eta emaitza hori positibotzat jo du, batez ere bi faktorerengatik: salmenta-bolumena % 5 hazi zen aurreko urtearen aldean, eta enpleguari eustea lortu du.

Taldeko kooperatiben multzoa 11.404 milioi eurora iritsi zen salmentetan, aurreko urteko zifraren aldean % 5,0ko gehikuntzarekin, covid aurreko salmentak ia berdinduz. Enpleguari dagokionez, 2021. urtearen amaieran 80.821 lanpostu zeuden, eta horrek esan nahi du kooperatibek, oro har, aurreko urteko enplegu-mailei eustea lortu zutela.

Azpimarratu beharreko beste datu bat inbertsioen zifra da, iaz 390 milioi eurokoa izan baitzen, eta horrek % 16,5eko igoera ekarri zuen 2020an egindako inbertsioekiko. Bestalde, ebitdak % 0,6ko gorakada txikia izan zuen, 1.332 milioi eurora iritsiz.

Korporazioaren arabera, gehitutako magnitude horiek guztiek “kooperatiba gehienak covid-19aren krisitik errekuperatzeko gai izan direla baieztatzen dute”. Etorkizunera begira, taldea “aurrera doa, ziurgabetasun geopolitikoa, lehengaien kostuaren igoera eta inflazioaren gorakada gorabehera”.

Taldeak ekitaldi honetako lehen bost hilabeteetan izan duen portaerak hala baieztatzen du, salmenten hazkundea % 10 ingurukoa izan baita.

Egilea Andoni Beitia