Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Lexuri Ugarte Euskara, Gardentasun eta Herritarren Partaidetzarako zuzendariarekin batera, ‘Aurrekontu Parte-hartzaileak’ aurkeztu ditu astearte honetan, arabarrek politika publikoen diseinuan, erabakian, betearazpenean eta jarraipenean parte hartzea ahalbidetuko duen tresna berria.

Gonzalezek eta Ugartek prentsaurreko batean ezagutzera eman duten ekimen honek herritarren parte-hartze zuzena erraztu nahi du lurraldearen eta kuadrillen behar eta lehentasun nagusiak ezartzerakoan.

Horretarako, foru-aldundiaren urteko aurrekontuan sartu ahal izango dira babes sozial handiena biltzen duten proposamenak, eta lortutako konpromisoen jarraipena egin ahal izango da.

Arabako aurrekontu parte-hartzaileen prozesura bideratutako zenbatekoa Foru Aldundiaren kontuetan urtero jasotzen dena izango da. Nolanahi ere, aurreikusita dago ekitaldi bakoitzean esleitutako zenbatekoa Foru Gobernuaren aurrekontu propioaren % 0,45 izango dela (hartutako konpromisoak eta betebeharrak kenduta).

Aurrekontu parte-hartzaileak egiteko, hainbat fase aurreikusten dira, hala nola herritarren proposamenak jasotzea, online edo paperean, eta analisi kualitatiboa eta kuantitatiboa, proposamenen egokitasuna egiaztatzeko.

Horrela, ekarpenek aurrekontu-lerroetan, diru-laguntzetan eta foru-deialdietan eraginik ez izatea aztertuko da. Foru-aldundiko sail guztietako zuzendariek osatutako lan- eta jarraipen-talde baten bidez, ezarritako baldintzak bete dituzten proposamen guztien zerrenda lortuko da, eta hautatu daitezkeen proiektuen zerrenda izango da.

Araba helburu

Herritarren bozketa-prozesu baten bidez, arabarrek erabakiko dute zein diren gehien gustatzen zaizkien proposamenak, eta boto gehien lortzen dituztenak Aldundiaren proiektuetan sartuko dira 2023ko aurrekontutik aurrera.

Gonzalezek azaldu duenez, ‘Araba Helburu’ prozesuaren barruan dagoen parte hartzeko tresna berri honek “etorkizun komun baten eraikuntza partekatuaren aldeko bidean funtsezko parte-hartze mugarri bihurtu nahi du”.

Bestalde, Ugartek adierazi du partaidetza-aurrekontuak 2022. urteko kontuekin egingo balira, 800.000 euroko partida izango luketela gauzatzeko.

Gainera, tresna horretarako erabiliko den zenbatekoa sei zati berdinetan banatuko dela adierazi du, kuadrilla bakoitzak diru kopuru bera izan dezan, lurraldeen arteko oreka bermatzeko. Banaketa horretatik kanpo geratuko da Gasteizkoa, bere Aurrekontu Parte-hartzaile propioak baititu.

Egilea Andoni Beitia