Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak ontzat eman du energia berriztagarriaren autokontsumoa izapidetzea errazteko lege-proposamena aintzat hartzea. Horrela, EH Bildu legebiltzar-taldeak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzearen alde agertu da.

Astearte honetan egindako bileran, Gobernu Kontseiluak legea aldatzearen aldeko irizpidea adierazi du. Izan ere, lege horretan, proposamena egin duen taldeak, zenbait kasutan, energia berriztagarriaren autokontsumorako instalazioetako lizentzia-baldintzak salbuestea planteatzen du.

Gobernu Kontseiluaren ustez, lege-proposamena “energia berriztagarrietan oinarritutako eredu baterako trantsizio energetikoaren erronkarekin bat dator, energia fosilen eta kanpoko ekoizpenaren iturriekiko dugun mendekotasuna murrizteko”.

Halaber, adierazi duenez, “Bat dator Europako erakundeek arlo horretan duten ikuspegiarekin, bai eta partekatutako autokontsumorako komunitateak eta tokiko energia-komunitateak sortzea sustatzen duen lege-erregulazioarekin ere”.

Proposamenak lizentzia-salbuespena ematen die eraikinen barruan dauden ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuei. Ildo horretan, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako hau baloratu du: “Mugikortasun-sisteman ibilgailu elektrikoan oinarritutako eredu baterantz joateak duen garrantzia, eta horrek azpiegitura-beharrak eta erabilera-instalazio berriak areagotzea ekarriko du”.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio lege-proposamena kontuan hartzeari, “Bat baitator Eusko Jaurlaritzaren helburuekin, administrazio-izapideak sinplifikatzeari dagokionez; izan ere, batzuetan, oztopo dira horrelako ekimenak garatzeko”.

Egilea Andoni Beitia