Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin du Udala Klima Aldaketara Egokitzeko Europako Misioari atxikitzea, hau da, Arabako hiriburua erreferente gisa hautatu duen Europako Batzordearen bigarren ekimenari.

Udalak jakinarazi duenez, Klima Aldaketara Egokitzeko Misioaren helburua da gutxienez 150 udalerri eta eskualderi laguntzea klima-aldaketaren aurkako erresilientziaren aldeko eraldaketa bizkortzen hemendik 2030era.

Horrela, aurreikusita dago Klima Aldaketara Egokitzeko Misioak 370 milioi euro jasotzea Europa Horizontea programatik, 2021-2023 epealdirako finantzazio gisa. Ikerketa eta berrikuntzako ekintzak honako hauei buruzkoak izango dira: muturreko fenomeno meteorologikoek erasandako eremuak berreraikitzea, alubioi-lautadak lehengoratzea, edo ekaitzari edo bero-bolada bati aurre egiteko “behar bezala egokitutako” hiri bat sortzea.

EBko beste misio eta programa batzuekin ekimen bateratuak antolatzeko aukera ere badago, hala nola neutraltasun klimatikoaren misioarekin. Misioak sareak sortzeko, udalerrien eta eskualdeen artean jardunbide hobeak trukatzeko eta herritarren parte-hartzeari laguntzeko aukerak ere eskaintzen ditu.

Udalerria Klima Aldaketara Egokitzeko Misioari atxikitzeko, “Misioaren Gutuna” sinatu behar da. Gutun horren bidez, Vitoria-Gasteizek konpromisoa hartu du 2030erako klima-erresilientziaren alde borrokatzeko eta eskualde- eta toki-mailako egokitzapen-ahaleginak bultzatzeko.

Hitzarmena sinatu duten tokiko eskualde eta komunitateak klima-aldaketara egokitzeari buruzko praktiken komunitate batean sartuko dira, eta aukera izango dute sarean lan egiteko eta Europako beste eskualde eta komunitate batzuekin esperientziak eta ezagutza partekatzeko.

Klima-aldaketara egokitzea

Bestalde, Gasteizko Udalak Klima eta Energia Jasangarriaren Ekintza Plana (PACES 2030) onartu zuen ekainaren 17an. Plan horrek trantsizio energetikoaren eremua eta berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak arintzea nahiz klima-aldaketara egokitzea jasotzen ditu.

Izan ere, PACES 2030en helburuetako bat erresilientzia-gaitasuna handitzea da, tokian tokiko klima-aldaketaren pixkanakako inpaktuetara eta muturreko klima-gertaeretara egokituz. Horretarako, 60 egokitzapen-ekintza ezarri dira, 2030erako ia 150 milioi euroko aurrekontua dutenak.

Gainera, une honetan Gasteizko Hiri Agenda prestatzen ari gara, 2030erako udalerriaren jasangarritasun-estrategia integral gisa, Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lortzeko bidean aurrera egiteko. Estrategia hori, bere esparru estrategikoan, klima-aldaketaren aurrean erresilientzia hobetzeko erronketako bat da.

Egilea Andoni Beitia