60.000 sinadura baino gehiago euskal pentsiodunen mugimenduari laguntzeko

Euskal Pentsiodunen Mugimenduak 60.000 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko bere aldarrikapenen alde, eta, Estatuko gainerakoekin batera, urriaren erdialdean entregatu eta erregistratuko dira Diputatuen Kongresuan.

Kolektiboak ohar batean gogorarazi duenez, bilketa duela bi hilabete hasi zen Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin elkarlanean.

Kolektiboen asmoen artean, 2022rako eta hurrengo urteetarako pentsioen erosteko ahalmena bermatzea dago, “Benetako KPIaren” igoeraren arabera balioa handituz eta 2021ean pentsioen erosteko ahalmenaren % 3ko galera konpentsatuz.

Era berean, pobreziaren atalasetik beherako pentsiorik ez dagoela bermatzea eskatzen da, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatuz eta gutxieneko pentsioa handituz LGSrekin parekatu arte, bai eta pentsio publiko duinak, bidezkoak eta nahikoak eta pentsio-sistemaren izaera publikoa bermatzea ere, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetuz.

Sinadurak biltzeko lana Euskadiko eta Nafarroako hiriburuetan eta 70 herritan baino gehiagotan egin da. Horrela, gaur egun 60.726 sinadura bildu dituzte guztira. Sinadura horiek guztiak, Estatuko beste leku batzuetan bildutakoekin batera, urriaren erdialdean entregatu eta erregistratuko dira Diputatuen Kongresuan.