2021ean, nabarmen hazi da 2011ren aldean bizilagun bat edo bi dituzten familia-etxebizitzen ehunekoa, ehuneko 5 puntu, hain zuzen ere, eta hamarretik sei dira (% 59,5), Eustaten datuen arabera.

Euskal AEko etxebizitza-parkea, 2021eko urtarrilaren 1ean, 1.075.076 etxebizitzakoa da, 2011n baino % 5,4 handiagoa, 5.494 etxebizitza gehiago, eta 2020an baino % 0,7 handiagoa. Etxebizitzen erdia baino gehiago Bizkaian daude, % 51,8; Gipuzkoan, % 32,6, eta, Araban, gainerako % 15,6a.

2011ko eta 2021eko zentsuen arteko aldian, Euskal AEko bizitegi-etxebizitzen parkea handitu egin da, 54.945 unitate gehiago ditu. Horrek esan nahi du % 5,4 hazi dela bi data horien artean. Lurralde-mailan, desberdintasunen bat ikusten da; hala, Arabak % 7,4 egin du gora bi data horien arteko hamar urteotan, eta Gipuzkoak eta Bizkaiak, erritmo motelagoan eta biak oso antzera, % 5,1 eta % 5, hurrenez hurren.

Arreta epe laburrean jartzen badugu eta 2020arekin alderatzen badugu, alegia, aurreko urtearekin, Bizkaian bizitegi-etxebizitzen parkea % 0,8 hazi dela ikusten da, Araban % 0,7 eta Gipuzkoan % 0,5, 2020aren eta 2021aren artean.

2021ean, Euskal AEko etxebizitza nagusien % 82,5ek gasa du eraikinean tutu bidez. Era berean, etxebizitza nagusi guztien % 73,4k igogailua du. Emaitza horiek erakusten dute ehuneko 6 eta 5 puntu areagotu direla, hurrenez hurren, ekipamendu horiek 2011n zuten presentziaren aldean.

Bestalde, 2021ean, familia-etxebizitzen parkearen batez besteko antzinakotasuna 47,1 urtekoa da erkidego osoan, eta Arabako lurraldea da parke gazteena duena, batez beste 40,9 urtekoa. Gipuzkoan eta Bizkaian batez besteko hori pixka bat gainditzen da, bi kasuetan 7 urte inguru gehiago: 47,5 urte dagozkio Gipuzkoari eta 48,8 Bizkaiari.

Arabako etxebizitzen beste bereizgarri bat espazio erabilgarri gehiago izatearena da. 2021ean, lurralde horretako etxebizitzen batez besteko tamaina 92,6 m2 da, Gipuzkoakoa 87 m2 eta Bizkaikoa 86 m2. Hala, Euskal AEko batez bestekoa 87,3 m2 da.

Gela kopuruari dagokionez, esan behar da Euskal AEko etxebizitzen hiru laurdenek 4 edo 5 gela dituztela; alegia, 2 edo 3 logela, egongela eta sukaldea. Batez beste, 1,4 komun dituzte, eta ia etxebizitza guztiek dute gutxienez komun bat (% 99,7).

Hamar etxebizitzatatik zortzi ohiko bizitegi dira

Erabileraren aldetik, familia-etxebizitzen parkearen % 85 ohiko bizitegitarako da, eta gainerako % 15a bigarren mailako edo bizilagunik gabeko etxebizitzei dagokie. 2011rekin alderatuz gero ikusten da erlazioa ia ez dela aldatu: ohiko bizitegitarako etxebizitzen kasuan, ratioa ehuneko 0,6 puntu handitu da.

Hala ere, nahiz eta oro har ia ez den aldakuntzarik ikusten, lurralde-mailan desberdintasunak esanguratsuagoak dira. Hala, 2011ren eta 2021aren artean, Gipuzkoan ia hiru puntu areagotu da ohiko etxebizitzen proportzioa, eta Araban eta Bizkaian, berriz, kontrakoa gertatu da, erabilera mota hori hiru eta bederatzi hamarren murriztu da, hurrenez hurren.

Okupatu gabe egoten diren etxebizitzen ikuspegitik, Araba da haietako proportzio handiena duena (% 17); Bizkaiaren kasuan, % 15 eta Gipuzkoan, % 14,1.

Eskualdeko maila geografikoan, nahiz eta haietan guztietan ohiko etxebizitza-parkearen hazkuntzak egiaztatzen diren, balio absolutuetan alde erlatiboak nabarmentzekoak dira.

Gehien hazi diren taldeen artean, Bizkaian Plentzia-Mungia (% 13,3ko hazkuntza etxebizitzetan) eta Durangaldea (% 8,1eko hazkuntza) nabarmendu behar dira; Gipuzkoan, Urola Kosta (% 10,7), Tolosa (% 9,7) eta Bidasoa Beherea (% 8,2). Araban nabarmen hazi dira Gorbeialdea (% 7,6) eta Arabako Lautada (% 7,5), baina lurralde horretan daude, era berean, gutxien hazi diren eskualdeak: Arabako Mendialdea (% 2,5) eta Arabako Errioxa (% 2,7).

Bestalde, oraintsuko aldian, 2020. eta 2021. urteen artean, urteen arteko hazkuntza Arabako eskualdeetan egiaztatu da gehien; Arabako Mendialdeetan eta Añanan (% 4,9 eta % 3,6, hurrenez hurren).

Hazkuntza moderatuagoak izan dituzte Debabarrenak (ez du aldakuntza esanguratsurik izan urte horretan), Urola Kostak, Debagoienak eta Bilbo Handiak (2 eta 3 hamarren artean).

Hazkuntza desberdina hiriburuetan

Azken hamar urte hauetan, Euskal AEko hiru hiriburuetatik Vitoria-Gasteizek handitu du gehien bizitegi-parkea; 7.946 etxebizitza gehiago dira, alegia, % 7,1 gehiago. 2020aren aldean, 456 unitate gehiago dira, % 0,4 gehiago.

Donostiaren kasuan, 5.288 etxebizitza gehiago izan dira, % 5,9 gehiago hamar urtean. 2020aren aldean, aldakuntza positiboa izan da, % 0,8koa, 787 unitate gehiago.

Zentsuen arteko aldian hazkuntza txikiena izan duen hiriburua Bilbo izan da; 5.402 etxebizitza gehiago, % 3,4 gehiago. 2020aren eta 2021aren aldean, aldakuntza ez da esanguratsua izan: 159 etxebizitza eta % 0,1 gehiago.

Udal-mailako xehetasunak emateko, 2011ren eta 2021aren artean ikusten da 210 udalerritan ohiko etxebizitzen parkea handitu dela, 6 udalerritan eutsi egin zaiola parkeari eta 35etan jaitsi egin dela etxebizitza mota horren kopurua.

Bizitegi-parkea hamar urteotan gehien handitu duten udalerrien artean honako hauek nabarmentzen dira: Astigarraga, Urduliz, Arakaldo, Ereño, Derio, Nabarniz eta Lemoiz; guztiek izan dituzte % 20tik gorako hazkuntzak.

2011tik 2021era, 5 puntu areagotu da bizilagun bat edo bi dituzten etxebizitzen proportzioa

2021ean, hamar familia-etxebizitzatatik seik (% 59,5) bizilagun bat edo bi dituzte, 5 puntu gehiago 2011ren aldean. Kontrara, aldi bererako, % 6,1etik % 5,5era egin du behera bost bizilagun edo gehiago dituzten etxebizitzen kopuruak.

Lurraldeen arabera, Araba nabarmentzen da pertsona bakarreko etxebizitzen proportzioan (% 31,1). Bizkaian, etxebizitzen erdiak baino gehiagok bi edo hiru bizilagun dituzte (% 50,9), eta, azkenik, Gipuzkoan, 4 edo 5 bizilagun dituzten etxebizitzen taldea nabarmentzen da gehien (% 20,8).

Egilea Andoni Beitia