MAIALEN MUSATADI / 2020-07-02/ Gaiker zentro teknologikoak, proiektu berri baten bidez, elektronika alternatiboaren belaunaldi berri bat sortzeko lanean hasi da, teknologia-hornitzaileen mendekotasuna murriztu ahal izateko. IDEA izeneko ekimenak elektronika gehigarrirako material berriak sortu nahi ditu -3D inprimaketaren bitartez-, mikroelektronika berrirako urrats berri batean.
“Elektronika zuzenean ordezkatzen duten materialak” dira, Gaikerrek azaldu duenez. 3D–n inprimatzen diren materialek propietate elektronikoak izatea da erronka, eta 2D plaka elektronikoetatik elektronika integratuta daukaten 3D plastiko produktuetara aurrerapausoa ematea. “Pista eroaleak dira, kableak eta zenbait osagai ordezkatzeko (kondentsadoreak, erresistentzia potentziometroak eta sentsore batzuk)” azaldu dute.
Azken finean, “konponbide errealak, eraginkorrak, jasangarriak eta errentagarriak” dira, industriak material eta teknologia propioak izan ditzan. “Gaur egun plastiko pieza askorekin batera doan elektronika txertatzea da helburua, plastiko piezaren moldekatze-prozesuan integratu ahal izateko, ondorengo muntaketa-operazioak murrizteko eta diseinu sinplifikatu eta eraginkorragoak garatzeko“, zehaztu dute proiektuaren arduradunek.
Helburu hau fabrikazio aditiboko teknologia hibridoaren bidez lortu nahi da, prozesu bakar batekin 3D elektronika azken produktuan integratzeko. Elektronika gero eta beharrezkoagoa da Euskadin ezarpen handia duten sektoreetako manufakturatutako produktuetan, hala nola automobilgintzan (gero eta elektronika gehiago daramatzate kotxeek), makina-erremintan (4.0 industriaren aurrerapenak sentsore eta elektronika gehiago egotea dakar, Gaikerrek gogorarazi duenez) edo osasunaren esparruan.
Material organikoak
Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eta BRTA aliantzako kide den Gaikerren koordinaziopean, IDEAn parte hartzen dute Tecnalia, Cidetec eta Tekniker teknologia-zentroek, BC Materials, Materialen, Aplikazioen eta Nanoegituren Euskal Zentroak; Euskadiko bi unibertsitatek –UPV/EHUko Fisika Aplikatuko Sailak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak– eta Maier kooperatibak.
Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragile horien eta enpresen elkarlanaren helburua Euskadik maila globalean lehiatzea da, materialak aplikatzeko prozesu eta teknologia berrien garapenean hain zuzen ere, AEBek, Alemaniak eta Europako iparraldeak material eta teknologia berrietan aurrera egiten duten aro batean. IDEA Elkartek programaren bidez finantzatuta dago. Programa horren bidez, SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du, tresna, aktibo, laguntza, lantalde eta aliantzen bidez, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko.
Teknologia Parkeen Sareko Zamudioko parkean kokatuta dagoen Gaiker zentroaren lana IDEAn da “oinarri polimerikoko material organiko berriak diseinatu eta inprimatzea, komodity motako matrizeetatik abiatuta”. Horretarako, dagoeneko esperimentatzen ari den polimero birziklatu eta naturalak erabiliko dituzte. Gaikerrek ere aurrera egingo du polimero horiek inprimatzeko prozesuetan.
Koordinatzaile-taldeak azaldu duenez, beste eragile batzuekiko mendekotasuna murrizteaz gain, ideia honen helburua kostuak murriztea da –aurrezpen potentzial handiagoa dute gaur egun elektronikaren muntaketan manipulazio handiagoa dakarten prozesuek–, emaitza berberekin eta pertsonalizazioan aurrera eginez. Honek enpresei merkatuan abantaila lehiakor handiagoa izaten lagunduko lieke. Izan ere, aurrezkiaren batez bestekoa % 10 eta % 30 artean legokeela adierazi dute.