Eguzki-krema jasangarriagoen bila dabil Gaiker

Uda eta tenperatura altuak iristean, eguzki-kremak erabiltzea ezinbestekoa da eguzki-erradiazioak eragiten dituen erredurak eta beste ondorio kaltegarri batzuk prebenitzeko. Baina, pertsonak babesten bagaitu ere, eguzkitako kremek oso osagai kaltegarriak dituzte itsaso, ibai eta lakuetarako. Hainbat azterlanen arabera, kalkulatzen da urtero 14.000 tona eguzki-krema isurtzen direla ozeanora, hau da, itsas ekosistema alda dezaketen konposatu kimiko ugari askatzen dira. Konposatu horiek (etilhexilmetoxizinamatoa, oxibenzona edo okrokrilenoa) animaliei eta gainerako itsas organismoei kalte egin diezaiekete, eta heriotza, hazkundearen inhibizioa, immunitate- eta ugalketa-sisteman kalteak, koralen zuritzea eta abar eragin ditzakete.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, enpresa batzuk ingurumenerako kaltegarriak diren konposaturik gabeko eguzki-babesleak merkaturatzearen aldeko apustua egiten ari dira, eta mugimendu horretan dago GAIKER zentro teknologikoa ere, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kidea. ADP Cosmeticsekin batera, eguzki-iragazki mineral berritzaileen garapenean espezializatutako Madrilgo enpresa, itsas ekosistemako eguzki-kremen toxikotasuna aztertzeko ikerketa bat hasi du, eta azken helburua ingurumena errespetatzen duten babesleak garatzea da.

Ikerketa hori bi fasetan egitea aurreikusi da. Lehenengoan, GAIKERek iragazki kimiko eta mineralen toxikotasun akutuko saiakuntzak egingo ditu, bakterioak, mikroalgak eta itsas ornogabeak erabiliz, horiek baitira itsas ekosistemetako elikatze-katearen oinarria.

Eta bigarren fasean, zentro teknologikoak arrainen zelula-lerroak erabiliko ditu konposatu horien toxikotasun-mekanismoak zelula-mailan aztertzeko. Horrela, GAIKERek arrainen ugalketan eragina izan dezakeen toxikotasuna aztertu ahal izango du, kumeetan edo minbizietan malformazioak sortuz. Nabarmendu behar da, halaber, ikerketa honetan zentro teknologikoak eredu alternatiboak erabiliko dituela, «In vitro», animaliekin esperimentatzea minimizatuz eta saihestuz.