Sanchezek oso positibotzat jo ditu enpleguari buruzko datuak

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du ekaineko enpleguari buruzko datuak “izugarriak” direla, batez ere inflazio handia izan arren eta Ukrainako gerra dela eta “Europaren atarian krisi ekonomikoa badugu ere”.

Sanchezek “inklusiora bideratutako gutxieneko bizi-sarrera” jardunaldian egindako hitzaldia baliatu du ekaineko langabeziari buruzko datuak baloratzeko; izan ere, gogorarazi duenez, Gizarte Segurantzan 115.000 afiliatu gehiago daude, eta 42.000 langabe gutxiago.

Gaineratu duenez, gaur egun 740.000 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan kontratu mugagabearekin pandemiaren aurretik baino, “Espainiako gizarteak krisiari erantzuteko duen indarrari esker” eta “konfiantza, egonkortasuna eta kohesioa” sortzen dituen Gobernu bati esker.