Estatuak nazioarteko 7 milioi turistaren bisita jaso zuen maiatzean, iazko hil bereko zifra (+%411,1) bost aldiz baino gehiago biderkatuz, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) astelehen honetan argitaratutako datuen arabera.

Maiatzean Estatua bisitatu zuten nazioarteko turistek egindako guztizko gastua 8.023 milioi eurokoa izan zen, hau da, % 474,8ko igoera 2021eko hil beraren aldean.

Maiatzeko gorakada berri honekin, nazioarteko turisten etorrerak eta Estatuan egiten duten gastuak hamabi hilabetez jarraian urte arteko goraldiak pilatu ditu.

Turista bakoitzeko batez besteko gastua % 12,5 hazi zen urte batetik bestera maiatzean, 1.152 euroan kokatuz; eguneko batez besteko gastua, berriz, % 25,7 hazi zen, 177 euroraino.

Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania

Erresuma Batua izan zen herrialde igorle nagusia maiatzean, ia 1,7 milioi turistarekin eta % 3.128,2ko igoerarekin 2021eko maiatzaren aldean. Alemania eta Frantzia izan ziren Espainia bisitatu zuten turista gehien izan zituzten hurrengo herrialdeak. Zehazki, Alemaniak 975.241 turista ekarri zituen, eta Frantziak 925.994, 2021eko maiatzean baino ia hiru aldiz gehiago.

Urteko lehen bost hilabeteetan, nazioarteko turisten gastua ia zortzi aldiz ( % +690) biderkatu da 2021eko aldi beraren aldean, 26.776 milioi eurora iritsiz. Urtarriletik maiatzera bitartean, Espainiara iritsitako nazioarteko turistak 22,7 milioi baino gehiago izan ziren, iazko lehen bost hilabeteetan baino % 609,3 gehiago.

Egilea Andoni Beitia