Gipuzkoak hoteletako greba saihestu nahi du

Gipuzkoako Foru Aldundiak lan gatazka “bideratzeko” eta ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk uztailaren 7, 8 eta 9rako deitutako greba saihesteko “ahalegina” egiteko eskatu die lurraldeko ostatu sektoreko enpresa eta sindikatuei.

Eider Mendoza foru bozeramaileak prentsaurrekoa eman du Donostian, astearte honetan sektoreko negoziazio mahaiaren bilera berri bat dela eta, greba-egunen aurretik.

Mendozak argi utzi nahi izan du Aldundiak “errespetatu” egiten dituela lan-aldarrikapenak, grebak eta manifestazioak, baina alderdiei eskatu die “hausnarketa” egin dezatela gai hori “bideratzeko”, bereziki covid-19aren pandemiak “sektorean bizi izan dituen urte zailen” ondoren.