Telefono mugikorraren bidez ordaintzeko aukera ematen duten euskal saltokiak guztizkoaren % 30 baino ez dira, eta ‘bizum’ ordainketen aplikazio digitalaren erabilera onartzen dutenen kasuan, zifra hori % 15,5era murrizten da. Era berean, eta “2021eko euskal txikizkako merkataritzaren barometroaren” arabera, Euskadiko establezimenduen % 14,5ek baino ez ditu online salmentak egiten.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariarekin batera, merkataritza-sektorearen egoerari buruzko azterlan hau aurkeztu du ostegun honetan, Gasteizen. Azterlan hori Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak egin du.

Txostenak egiaztatzen duenez, Euskadiko merkataritza sektore “eskarmentuduna” eta txikia da, batez beste 24 urteko antzinatasuna du establezimenduan, eta 126 metro koadroko batez besteko tamaina. Era berean, mikroETEez osaturiko sektorea da, % 95ean, % 71k pertsona bat edo bi okupatzen ditu, eta % 4k bakarrik gainditzen ditu hamar langile baino gehiago.

Enpleguari dagokionez, sektore feminizatua da, hamar langiletik zazpi baititu. Era berean, enplegatuen ia % 67k 45 urte baino gehiago ditu. Merkataritza-establezimenduen % 54 alokairuko lokalak dira; eta % 45,5, jabetzako lokalak. Batez besteko alokairua 1.919 eurokoa da hilean.

Saltokien % 72k ordutegi zatitua eskaintzen du, eta % 85,3k ez du jendearentzat irekitzen igande edo jaiegunetan. Ildo horretan, sektorearen % 4 baino ez dago igande edo jaiegunetan irekitzearen alde.

Saltokien % 86k TPV gailuak dituzte, hau da, prozesamendu-unitate bat –PUZ — kutxa erregistratzaileari lotutako pantailarekin. Gainera, establezimenduen % 87k Internet du, % 65,5ek kudeaketa-softwarea erabiltzen du, eta % 45,7k telefono mugikor adimenduna edo tableta digitalak erabiltzen ditu.

Soilik % 14,5ek saltzen du online

Ia saltoki guztiek onartzen dute eskudirutan eta kreditu-txartelarekin kobratzea; % 30ek bakarrik onartzen dute mugikorrarekin ordaintzea, eta % 15,5ek, berriz, bizum bidez. Gainera, merkataritzaren % 14,5ek dio online saltzen duela.

2021eko salmenten pertzepzioaren arabera, 2020koaren aldean, apur bat atzera egin da. Joera hori, batez ere, 2020an aireratu zen elikaduraren sektoreak baldintzatzen du.

Administrazioaren laguntzei dagokienez, hamar saltokitik hiruk laguntza horiek jaso dituztela diote, eta alde handia dago sektoreen artean. Horrela, elikadura-sektorearen % 13,5ek baino ez du laguntzak jasotzeko aukera izan, eta moda-produktuen merkataritzan, berriz, % 63tik gorakoa da.

Merkatariek uste dute bezeroek arreta pertsonalaren gainetik baloratzen dutela, eta ondoren produktua bera; eta hirugarrenik, prezioa.

Bestalde, ikerketak ondorioztatzen du euskal merkataritzaren erdia euskaraz artatzeko gai dela, eta % 44k, berriz, euskaraz aritzeko zailtasunak dituela. Ehuneko hori handitu egiten da merkataritzaren tamaina txikiagoa den heinean. Merkatariek uste dute, batez beste, bezeroen % 29k euskara aukeratzen duela komunikatzeko.

Ingurmen-ekimenak

Saltokien % 70ek diote 2021ean ingurumen-ekimenen bat egin dutela; horien artean, plastikozko poltsen murrizketa, bilgarrien birziklapena eta, neurri txikiagoan, kontsumo txikiko energien edo km0 produktuen erabilera nabarmentzen dira.

Sailburuak azaldu duenez, merkataritzaren barometro hau “Euskadiko merkataritzaren duela gutxiko diagnostikoarekin bat egiten duen analisi berri bat da”, eta “2030erako Merkataritzaren Euskal Estrategia oinarritzeko balio du”.

Gainera, txosten hau Eusko Jaurlaritzaren estatistika ofizialean sartu den lehen aldia dela adierazi du, eta hori “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak planteamendu metodologikoa eguneratzeko egindako apustuari” egotzi dio, “Merkataritza-sektorea zorroztasun handienarekin aztertzeko, deskribatzeko eta monitorizatzeko helburuarekin”.

Bestalde, Elena Morenok azaldu duenez, pandemia hasi zenetik (2020ko lehen hiruhilekoan) sortutako saltoki berriak Euskadiko establezimendu guztien % 6,5 dira, eta hori “harrigarria” eta “positiboa” dela esan du.

Merkataritzako zuzendariak jakinarazi duenez, Euskadiko merkataritza-establezimenduen % 13,8 ‘TicketBai’ fakturazio telematikoko sistemara egokitu dira, iruzur fiskalari aurre egiteko.

Egilea Andoni Beitia