2021ean, Euskal AEn gehien zeuden ekipamendu eta zerbitzuak kafetegiak eta tabernak ziren (7.420); ondoren, ile-apaindegiak (5.265), jatetxeak (3.947) eta arropa eta osagarrien dendak (2.856), Eustaten datuen arabera.

Datu horien arabera, 33,8 kafetegi eta taberna daude 10.000 biztanleko; Bizkaiak du ratio handiena, 38,2 establezimendurekin; Arabak 32,4 ditu; eta, azkenik, Gipuzkoak 27,5. Ile-apaindegiei dagokienez, 10.000 biztanleko 24 ile-apaindegiko kopurua oso antzekoa da hiru lurraldeetan: Gipuzkoak 25, Bizkaiak 24,5 eta Arabak —pixka bat gutxiago— 20,1 ile-apaindegi dituzte 10.000 biztanleko. Jatetxeen kasuan, Gipuzkoak du kopuru handiena, biztanleak kontuan hartuta, batez bestekoa baino 24,8 gehiago, hau da, 10.000 biztanleko 18 jatetxe daude; Araban 16,8 daude eta Bizkaian 14. Azkenik, arropa-dendei dagokienez ere, Gipuzkoan biztanleko gehiago daude: 14,8 denda 10.000 biztanleko. Bizkaian ratioa 12,5 da, eta Araban 10,9.
49 mila ekipamendu eta zerbitzu baino gehiago daude, eta horietatik 12.683 ostalaritzakoak dira; horien atzetik datoz moda eta osagarriak (9.652) eta elikadura-merkataritza (6.722). Lurralde Historikoen arabera, Bizkaian daude ekipamendu eta zerbitzuen % 52,7, Gipuzkoan % 33,9 eta Araban % 13,4. Hiru lurraldeetan Autonomia Erkidego osoko patroi berari jarraitzen zaio eta ordena berean, ekipamendu nagusiei dagokienez.

Osasun-ekipamenduak honela banatuta daude: ospitale-jarduerak, osasun-zentroak eta anbulatorioak, hortz-klinikak, mediku-kontsultategiak, farmaziak, ehorztetxeak, ortopediak eta podologia-zentroak, parafarmaziak eta belar-dendak, eta, azkenik, optikak eta entzumen-zentroak. Talde horretan, ekipamendu gehien mediku-kontsultategien arloan daude (1.899 kontsultategi), ondoren hortz-kliniken arloan (1.227) egongo lirateke eta, hirugarren, farmazia edo botikinen arloan (860). 1.500 biztanletik gorako udalerri guztietan farmazia edo botikin bat dago gutxienez.
Kafetegiak eta tabernak, 1.000 biztanletik beherako udalerrietan gehien dauden ekipamenduak

Mila biztanletik beherako 98 udalerrietan, gehien aurkitzen ditugun ekipamenduak kafetegiak eta tabernak, eta jatetxeak dira (138 eta 134, hurrenez hurren). Ondoren, nekazaritza-turismoko establezimenduak eta landetxeak datoz, 99 establezimendurekin; horiei hotelen eta pentsioen 39 establezimenduak batuta, ostalaritzaren sektorea herri txikietako ekonomiaren funtsezko zutabe bihurtzen da, ekipamendu guztien % 48,9 izanik.
Osasun-ekipamenduek 78 osasun-zentro eta anbulatorio barne hartzen dituzte, 74 udalerritan banatuta; hala, ezaugarri horiek dituzten 24 udalerri daude osasun-zentrorik gabe. 33 farmazia eta 3 hortz-klinika ere badaude.

Hezkuntzako ekipamenduei dagokienez, 32 ikastetxek ematen dute Haur eta Lehen Hezkuntzako bigarren zikloa eta 3k Bigarren Hezkuntzakoa. Aitzitik, ez dago lanbide-heziketako edo helduen prestakuntzako zentrorik. Ikastetxe horiek modu desberdinean banatzen dira, udalerri horietako 49tan ez baitago bakar bat ere.

Itundu gabeko haurtzaindegien eza

Gizarte-zerbitzuetako ekipamenduetan, nabarmentzekoa da itundu gabeko haurtzaindegirik ez egotea, 38 ikastetxetan egiten den haur-hezkuntzako lehen zikloko eskaintzarekin konpentsatuta. Gainera, udalerri horietan adinekoentzako 13 egoitza daude, soilik Arabako eta Bizkaiko udalerrietan.
Udalerri txikietako ekipamenduen egoeran, Euskal AE osokoarekin alderatuz gero, lehenengo postuan daudenak bat datoz: kafetegiak eta tabernak; ez, ordea, bigarren tokian daudenak. Lurralde osoa hartuta, ile-apaindegiak daude posizio horretan, baina mila biztanletik beherako herrietan ekipamendu hori urria da, 12 baino ez dira zenbatu; kasu horretan jatetxeak agertzen dira bigarren postuan, Euskal AE osorik hartuta hirugarren postuan agertzen diren bitartean. Hirugarren tokian, ingurune horretako ekipamendu bereizgarri bat agertzen da: nekazaritza-turismoko establezimenduak eta landetxeak. Azkenik, Euskal AEn zerrendako laugarren ekipamendu gisa moda-dendak eta osagarriak azaltzen dira; mila biztanletik beherako herrietan, berriz, azken postuetako batean dago ekipamendu hori.

Egilea Andoni Beitia