Industriak bere osotasunean berrikuntza-jardueretan 2020rako egindako gastua Euskal AEn egindako gastu osoaren % 42,3 izan zen, Eustatek landutako datuen arabera.

Euskal AEko industriaren ezaugarri nabarmenetako bat sektoreko kontzentrazio-maila altua da; hori ez da asko aldatu azken urteetan. Euskal AEko industriak 2020an sortutako Balio Erantsi Gordinaren % 25,7 Metalurgia eta produktu metalikoen adarrari zegokion. Sektore klasiko horrek, ehunekoei dagokienez, pisu handia izan du beti. Sektore horri Garraio-materiala, Energia elektrikoa, gasa eta lurruna eta Makineria eta ekipoa sektoreak gehitzen bazaizkio, industriako balio erantsiaren % 60,7 kontzentratzen da, 2010ean baino 3,8 puntu gehiago.

2020an, COVID-19 pandemia hasi zen eta neurri murriztaileenak hartu ziren urtean, industriaren jarduerak beherakada handia izan zuen. Hala eta guztiz ere, industriak Euskal AEko ekonomiaren guztizkoan duen pisu erlatiboa % 23,1ekoa izan zen 2020an, eta 2010eko partaidetzarekin alderatuta ehuneko bi puntu galdu zituen arren, oraindik ere nabarmen gainditzen du Espainian (% 16,1), Frantzian (% 13,2) edo 27en Europar Batasunean (% 19,5) duena, eta, soilik, Alemaniaren azpitik dago (% 23,5).

2020an, Euskal AEko industriako establezimenduen batez besteko tamaina 16,2 pertsonakoa zen, eta sektoreen artean aldakortasun handia zegoen. Industria-establezimendu gehienek, % 83,6k, 20 langile baino gutxiago zituzten, eta enpleguaren % 21,3 ordezkatzen zuten. Beste muturrean, establezimenduen % 0,7k —250 langile baino gehiagorekin— enpleguaren % 24,4 hartzen zuen.

Zifra horiekin, industriak % 20,4ko ekarpena egiten dio Euskal AEko enplegu osoari, Estatuko batez bestekoaren (% 11,0) eta EB-27ko batez bestekoaren (% 16,0) oso gainetik, adibidez.

Produktibitateari (faktoreen kostuko balio erantsi gordinaren eta langile okupatuen arteko zatidura gisa ulertuta) dagokionez, 2019an —Europa mailan datuak dauden azken urtea—, Euskal AEn 66.900 €-koa zen, Espainiakoa (60.800 €) eta EB-27koa (66.300 €) baino handiagoa, baina Alemaniatik (80.000 €) edo Frantziatik (80.100 €) urrun oraindik.

Euskal AEko industria-enpresen beste ezaugarri bereizgarri bat kanpora begira daudela da, esportatzeko joera handia baitute. Adierazle horrek industriako esportazioek industriako BPGd-aren gainean duten proportzioa islatzen du, eta 2020an %158ko balioa lortu zuen.

Bestalde, 21.124 milioi euroko balioa zuten esportazioak eta 15.868 milioi eurokoa zuten inportazioak egin ziren. Horrela, guztizko estaldura-tasa —esportazioek inportazioen balioarekiko duten balioa adierazten duena— % 133,1ekoa da. Adierazle horretan nabarmentzekoak dira Garraio-materiala (% 427), Makineria eta ekipoa (% 198) eta Material eta ekipo elektrikoa ( % 158) manufaktura-sektoreak.

Goi-mailako teknologia

Euskal AEko industria-sektoreen maila teknologikoari dagokionez, Euskal AEko industria-jardueren % 5,6 goi-mailan kokatuta dago, nahiz eta azken hamar urteetan maila hazi egin den, 2010ean % 3,5etik hasi baitzen. Bestalde, hamaika urteko aldi horretan, teknologia-edukiren bat duten sektoreak puntu bat igo dira, 2010eko % 84,9tik 2020ko % 85,9ra pasatuz.

Azkenik, Euskal Industriaren Panoramak berrikuntza eta informazioaren eta komunikazioen teknologien erabilera ere aztertzen ditu, lehiakortasuna hobetzeko motor gisa. Industriak bere osotasunean berrikuntza-jardueretan 2020rako egindako gastua Euskal AEn egindako gastu osoaren % 42,3 izan zen, eta barneko I+G izan zen elementurik nabarmenena (% 48,3).

Gainera, Euskal AEko industriak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak deritzenen ezarpen-maila handia du; izan ere, ia industria-adar guztietan, industria-establezimenduen % 90ek baino gehiagok ordenagailua, posta elektronikoa, Internet eta telefono mugikorra dute. Internetek eskaintzen dituen aukera ugarien artean, merkataritza elektronikoa egin ahal izatea dago. Jarduera mota horrek gora egin du azken urte honetan Euskal AEn, bai negozio-zifretan, bai parte hartzen duten enpresen kopuruan; izan ere, 10 langile baino gehiagoko industria-establezimenduen % 34,9k Internet bidezko erosketak edo salmentak egin zituen 2020an (2019an % 34,1ek egin zituen).

Egilea Andoni Beitia