Gorka Urtaran Gasteizko alkateak proposatu du Arabako hiriburuak hartzea Espainiaren Europar Batasuneko Lehendakaritzaren bileretako bat. Hitzordu horiek datorren urteko bigarren seihilekoan izango dira, eta Europako hainbat agintari izango dira bertan.

Alkateak ostegun honetan ofizial egin du eskaera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroari eta Europar Batasuneko Espainiako Presidentetza Koordinatzeko Bulegoari bidalitako gutun baten bidez.

Gorka Urtaranek bilera horietako bat hartzeko hiriak dituen “abaletako” batzuk azpimarratu ditu gutunean. Ildo horretan, gogorarazi du Gasteiz dela “Estatuko European Green Capital bakarra, Global Green City bakarra eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin lotutako Europako bi misiotan parte hartzen duen bakarra”.

Zehazki, Europako Batzordeak bultzatutako Hiri Adimentsu eta Klimatikoki Neutren Misioan parte hartzen du, non Arabako hiriburua Europako gainerako lurraldeetarako 100 itsasargi-hirietako bat den; eta baita Klima Aldaketara Egokitzeko Europako Misioan ere, zeinaren bidez Gasteizek 150 udalerrirekin partekatzen baitu estrategia.

Ingurumenarekin konpromisoa

“Hiriaren esperientzia eta bere ibilbidearen aintzatespen europarra kontuan hartuta, Europar Batasuneko lehendakaritzaren bileretako egoitzetako bat izan behar dugula uste dut”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gainera, azpimarratu du Vitoria-Gasteiz “Europako hainbat proiektutan” parte hartu duela azken urteotan, “batez ere ingurumena babestearekin eta berotze globalera egokitzearekin lotutakoetan”.

Gasteizko alkateak gutunean azaldu duenez, “Gasteiz, gainera, Europako balioen eta gure udalerrien nortasunaren arteko zubi onena den hirietako bat da”.

Udalak gogorarazi du Gobernu zentralak joan den astean iragarri zituela bilera horiek egingo diren Estatuko 25 hiriak. Topaketak prestatzeko lanak hilaren amaieran egingo den Europar Batasunarekin zerikusia duten gaietarako konferentzian jorratuko dira autonomia-erkidegoekin.

Egilea Andoni Beitia