Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuordeak adierazi duenez, Mercedes Vitoriako langileek hitzarmenaren aurreakordioari emandako laguntzak “egonkortasuna ematen dio” lantegiari, eta “aurrerapausoa” da Arabako lantegirako planteatzen den 1.200 milioiko inbertsiorako.

Europa Pressi egindako adierazpenetan, Industriako arduradunak Gasteizko Mercedesen astelehen honetan egindako erreferendumaren emaitzak izan ditu hizpide. Izan ere, langileen % 57k enpresako zuzendaritzak eta CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek lortutako hitzarmenaren aurreakordioa babestu zuen, eta ezezkoak, berriz, % 43ko babesa izan zuen.

Amundarainek esan du balorazioa positiboa dela, alde batetik, atzoko egunean parte-hartzea % 95 ingurukoa izan zelako eta “ariketa demokratikoa erabateko normaltasun giroan egin ahal izan zelako”.

Era berean, sailburuordeak adierazi du emaitzak berretsi egiten duela enpresa-batzordearen gehiengoaren eta zuzendaritzaren artean lortutako aurreakordioa, eta “egonkortasuna” dakarrela “oraingo eta etorkizuneko lan-harremanetan”.

Bere ustez, aurreakordioaren babesarekin “etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezko egonkortasuna” ematen zaio enpresari. Horrekin batera, Mercedes taldeak 1.200 milioiko inbertsioa egiteko “aurrerapauso garrantzitsua” eman dela uste du, “Gasteizko lantegia talde osoaren erreferente gisa kokatzeko aukera emango baitu”.

Azkenik, Industriako sailburuordeak zorionak eman dizkie langileei “inplikazioagatik”.

Egilea Andoni Beitia