MAIALEN MUSATADI / 2020-07-25/ Eustatek eginiko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenaren estimazioen arabera, Euskadiko barne-produktu gordina (BPGd) 2020ko bigarren hiruhilekoan % 20,1 uzkurtu da, 2019ko bigarren hiruhilekoaren aldean. Egutegiko eta urtaroen araberako ondorioak atera ondoren, hiruhilekoen arteko terminoetan, BPGd estimatuak % 16,9 egin du atzera.

COVID-19aren pandemiari aurre egiteko dekretatu den eta martxoaren 15ean indarrean sartu zen alarma-egoera ekainaren 21era arte egon da indarrean. Gizartea konfinatzeko hasierako aldiaren ondoren eta jarduera ekonomikoa ia erabat gelditu ondoren, apirilaren 14an deseskalada-prozesua hasi zen; haren bidez, pixkanaka Euskadiko AEko jarduera ekonomikora bueltatu gara, eta oraindik bide horretan jarraitzen dugu. Orain arte ekonomian izan duen inpaktu globala oso zorrotza izan da, eta urteko bigarren hiruhilekoan Eustaten zenbatetsitako serieetan sekula ezagutu ez den BPGd-aren atzerapena eragin du.

Enpleguak, denbora osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, % 19,8 egin du behera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Hiruhilekoen arteko terminoetan, egutegiko eta urtaroetako ondorioak zuzendu ondoren, hiruhilekoen arteko aldakuntza -% 17,0koa dela kalkulatzen da.

Hori horrela, nabarmendu behar da Kontuen Sistema Europarrak (KSE) lanpostuaren definiziotik kanpo uzten dituela aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin –bermearekin edo berriro lanean hasteko datari buruzko akordioarekin, esaterako ABEEEen kasua– lotura formala duten pertsonak.

Datorren irailaren 18an, Eustatek BPGd-aren eta enpleguaren estimazio bereiziak argitaratuko ditu 2020ko bigarren hiruhilekoko Hiruhileroko Kontuetan, aurrerapen hau prestatzeko unean eskuragarri ez dagoen informazio koiunturala sartu ondoren.

Egilea Andoni Beitia