MAIALEN MUSATADI / 2020-09-03/  Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak sustatuta, Eusko Jaurlaritzak 87 milioi euroko gastua onartu du HAZITEK programarako. Programa horrek bi babes-ildo biltzen ditu: lehia-izaerako I+G proiektuak babesteko ildoa eta I+G proiektu estrategikoak garatzeko ildoa.

Programaren azken helburua da euskal industria enpresa-arloko I+Garen bitartez sendotzea eta, era horretan, euskal produkzio-sarearen lehiakortasun globalean modu erabakigarrian laguntzea eta eragin ekonomiko esanguratsua izateko moduko ahalmena izango duten emaitzak sortzea, Euskal Autonomia Erkidegorako estrategikoak diren espezializazio-esparruak eta I+Garen barruan merkatutik hurbilen dauden faseak ardatz izango dituen babes baten bitartez.

Lehia-izaerako I+G proiektuak babesteko ildoaren xedea da produktu berriak garatzeko zein oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiarazteko proiektuak sustatzeko laguntzak ematea. I+G proiektu estrategikoen garapena babesteko ildoari dagokionez, proiektu horiek enpresa-lidergoan oinarrituta eta Euskal Autonomia Erkidegoko ahalmen zientifiko-teknologikoak baliatuta sortu dira, eta lankidetzan edota bereziki Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruetan egin behar dira.

Laguntzen hartzaileak enpresak (enpresa handiak eta ETEak), enpresa taldeak eta enpresa-elkarteak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente egiaztatuak izango dira.

Aurtengo programan, deialdiko guztizko zenbatekotik (87.191.230 euro), 39.191.230 euro lehia-izaerako proiektuak finantzatzeko bideratuko dira, eta 48.000.000 euro proiektu estrategikoak finantzatzeko.

Elkartek: arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketarako laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 38.000.000 euro bideratuko ditu arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzen programara (ELKARTEK programa). Proiektuek 2020ko eta 2021eko ekitaldiak hartu ahal izango dituzte barnean.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren esparruan eremu estrategikoetan elkarlaneko ikerketa (oinarrizko ikerketa eta/edo industria-ikerketa) sustatzeko helburua duten babes-tresnetako bat da ELKARTEK programa. Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak deitutako laguntza horien hartzaileak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) agente zientifiko-teknologikoak dira.

ELKARTEK programaren bidez, hiru proiektu mota babestuko dira: 1) ZTBESko agenteen 3 tipologiak elkarlanean egindako elkarlaneko oinarrizko ikerketako proiektuak. RIS3-ZTBP 2020ko hiru lehentasunen parte diren arloetako ezagutzak zabaltzera bideratuta daude; 2) industria-ahalmen handiko ikerketa-proiektuak (oinarrizko ikerketa orientatuko proiektuak edo industria-ikerketako proiektuak), enpresetako I+Gko unitateek trakzio-ahalmen handia eta merkatura iristeko ahalmen handia duten eta ZTBP 2020ko espezializazio-esparruekin lerrokatuta dauden ZTBESko beste agente batzuekin lankidetzan zuzenduak, eta 3) interes bereziko ekintza osagarriak, eskaintza-eskariko bitartekaritza-erakundeek eta zabalkunde-erakundeek banaka edo ZTBP 2020ko espezializazio-esparruekin lerrokatuta dauden ZTBESko beste agente batzuekin lankidetzan garatzen dituzten oinarrizko ikerketa-proiektuei edo industria-ikerketako proiektuei lotuak; honako hauek dira: azterlanak egitea, zaintza teknologikoa, lankidetza teknologikoa bultzatzeko jarduketak, I+G+B proiektuak prestatzeko aholkularitza, ezagutzaren transferentzia eta balorazioa, eta I+G+Ba nazioartekotzeko jardueren parte hartzeko aukera sustatzea.

Egilea Andoni Beitia