Eustaten datuak kontuan hartuz, Euskal AEko lan-merkatuko 2022ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, 9.300 landun gehiago eta 6.000 langabe gutxiago daude aurreko hiruhilekoan baino. Langabeen kopurua 89.200ekoa da hiruhileko honetan, eta landunen kopurua 963.100ekoa, 2022ko lehen hiruhilekoan baino % 1 gehiago. Azken urtean, 23.400 landun gehiago izan dira, eta 18.200 langabe gutxiago.

Euskal AEko langabezia-tasa % 8,5ekoa da, 2022ko lehen hiruhilekoan baino ehuneko 6 dezima azpitik. Landunen eta langabeen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,4koa izan da 2022ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago. Azken urtean, langabezia-tasa 2021eko bigarren hiruhilekoko % 10,3tik 2022ko bigarren hiruhilekoko % 8,5era jaitsi da, ehuneko 1,8 puntu gutxiago.

Lurraldeka eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian okupazioa 5.100 pertsonatan igo da, Gipuzkoan 2.100 pertsonatan eta Araban 2.000 pertsonatan. Hiriburuei dagokienez, Bilbon hazi da gehien okupazioa, 3.800 landun gehiagorekin; ondoren Donostia dator (+1.400) eta, azkenik, Gasteizen 700 landun gehiago daude.

Okupazioaren hazkunderik handiena gizonen artean gertatu da (+4.800); emakumeen artean, berriz, 4.500 igo da. Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten landunak 7.700 gehiago dira (+% 0,9), eta atzerriko nazionalitatea dutenak 1.400 gehiago (+% 1,7).

Euskal AEko biztanleria landuna 14.300 pertsonatan gehitu da zerbitzuen sektorean (+% 2,1), eta eraikuntzan 600 pertsonatan (+% 1,1); lehen sektorean, aldiz, 2.000 pertsonatan jaitsi da (–% 21,3) eta 3.800 pertsonatan industrian (–% 1,9).

Okupazio-tasa, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona landunen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean kalkulatuta, ehuneko 0,7 puntu igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 69,7an kokatu da. Tasa hori % 73koa da gizonen artean, eta % 66,3koa emakumeen artean.

Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, goi-mailako ikasketak dituztenen artean izan da okupazio-tasarik handiena (ehuneko +1,7 puntu), % 85,9n kokatuz; lehen mailako ikasketak eta ikasketa baxuagoak dituztenen artean, berriz, okupazio-tasa 0,4 puntu igo da eta % 60,7n kokatzen da; azkenik, bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean 0,2 puntu igo da, % 61,5era iritsi arte.

Nazionalitateari dagokionez, okupazio-tasarik handiena Espainiako nazionalitatea dutenen artean ematen da (% 71,3), aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko puntu erdiko igoerarekin; atzerriko nazionalitatea dutenen artean, berriz, % 55,8koa da (+1,3 puntu).

Gipuzkoak du okupazio-tasarik altuena

Lurralde Historikoen arabera, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoakoa da (% 71,5), aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,4 puntu gehiago; bigarren tokian Araba dago (% 69,7), ehuneko 1,2 puntu gehiagorekin; azkenik, Bizkaian okupazio-tasa ehuneko 0,6 puntu igo da, % 68,5era iritsi arte.

Kalkuluen arabera, 2022ko bigarren hiruhilekoan 902.200 etxe inguru daude Euskal AEn. Horietatik heren batek ez du pertsona aktiborik, aurreko hiruhilekoko etxeen kopuru bera. Hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, 3.900 familia gehiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak 30.400 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.800 etxe gutxiago.

Euskal AEko langabeen kopurua, hau da, lan bila ari diren, bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lanerako prest dauden pertsonak 89.200 direla zenbatetsi da urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 6.000 gutxiago. Emakumezko langabeak 44.400 dira, aurreko datuekin alderatuz 4.300 gutxiago; gizonezko langabeak 1.700 gutxiago dira, hiruhilekoan 44.800era iritsiz guztira.

2022ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia-tasa % 8,5ekoa da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,6 puntu txikiagoa. Emakumeen langabezia-tasa ehuneko 0,9 puntu jaitsi da, % 8,8raino, eta gizonena % 8,2n kokatzen da (ehuneko –0,3 puntu).

Ikasketei dagokienez, langabezia-tasaren jaitsierarik handiena lehen mailako ikasketak amaitu edo hortik beherakoak dituztenen artean gertatu da (–% 1,1), langabezia-tasa % 11,7n kokatuz. Goi-mailako ikasketak amaitu dituztenen artean, langabezia-tasa ehuneko 0,8 puntu jaitsi da eta % 4,4n kokatzen da. Azkenik, bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean langabezia-tasa ehuneko 0,1 puntu jaitsi da, % 11ra iritsi arte.

Langabe gutxiago

Nazionalitateari dagokionez, 3.200 langabe gutxiago daude atzerriko nazionalitatea duten pertsonen artean (guztira 19.900 langabe); espainiar nazionalitatea dutenen artean, berriz, 2.800 langabe gutxiago daude (guztira 69.300 langabe).

Lurralde Historikoen arabera, Bizkaian 3.800 langabe gutxiago daude, eta langabezia-tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da, % 9,3ra iritsita. Araban 14.400 langabe daude, eta langabezia 2.300 lagunetan jaitsi da, langabezia-tasa ehuneko 1,4 puntu murriztuz, % 9ra iritsi arte. Gipuzkoan 100 langabe gehiago daude eta langabezia-tasa % 7koa da, aurreko hiruhilekoaren aldean mantendu delarik.

Hiriburuei dagokienez, Gasteizen 1.600 langabe gutxiago daude eta Donostian eta Bilbon 200 gutxiago urteko bigarren hiruhilekoan.

EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2022ko maiatzean, Europar Batasuneko langabezia desestazionalizatuaren tasa % 6,1ekoa izan zen, eta Espainiakoa % 13,1ekoa.

Euskal AEko biztanleria landuna % 2,5 gehitu da 2021eko bigarren hiruhilekoaren aldean, 23.400 pertsona gehiago, eta langabezia-tasa ehuneko 1,8 puntu jaitsi da (% 10,3tik % 8,5era); beraz, 18.200 pertsonak langabezian egoteari utzi diote Euskal AEn, 2021eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Afiliatuen % 97,3, okupatuta

Hiruhileko batez besteko afiliatuen % 97,3 okupatuta dago, LANEren irizpidearen arabera.

Kalkuluen arabera, Euskal AEn 920.400 afiliatu daude hiruhileko batez bestekoan, hau da, Euskal AEn bizi direnak eta Gizarte Segurantzan afiliatuak daudenak, hiruhilekoan lan egindako egun kopuruaren arabera haztatuta. Horietatik, % 97,3 okupatuta daude BJAk erabiltzen dituen Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera, hau da, 895.100 pertsona.

BJAko Lanaren Nazioarteko Erakundearen okupatuen artean, 39.000 (% 4) ez daude Gizarte Segurantzan afiliatuta, funtzionarioen mutualitate publikoetako kide direlako edo beste egoera batzuetan daudelako.

Kalkuluen arabera, Euskal AEn 97400 langabe daude erregistratuta Lanbiden hiruhilekoko batez bestekoan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi eta, inkesta egin zenean, Lanbiden erregistratuta zeudenak erregistratutako langabezia-kategorietako batean. Horietatik, % 62,1 langabeak dira, LANEren definizioaren arabera. (60.400 pertsona). BJAko LANEren langabeen artean, % 30 ez dago langabe gisa erregistratuta Lanbiden (26.800 pertsona), baina enplegu-eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daiteke.

Egilea Andoni Beitia