Kaukak osasuneko errealitate birtualeko plataforma bat garatu du

Kaukako arduradunek diotenez, osasun-prestakuntzaren arloan arazo nabarmenetako bat da karreran edo lanbide-heziketan praktikak egiteko orduak falta direla, bai medikuntzan, bai erizaintzan. Arazo horri irtenbidea eman nahian, duela bi urte eta erdi Kauka sortu zen, errealitate birtualaren bidez prestakuntza eta praktika sanitarioan espezializatutako egoitza Donostian duen enpresa. Gaur egun 8 profesional ditu plantillan, eta SPRI Taldearen laguntza jaso du BIC Gipuzkoarekin batera Txekintek Ekintzaile programaren bidez, bere plataforma garatu ahal izateko.

Gipuzkoako enpresak hiru eremutako bezeroak ditu. Lehenengoa unibertsitateak eta lanbide-heziketako zentroak dira. Kasu honetan, ikasleek eragiketa bateko praktikak egin ditzakete, adibidez, plataformak uneoro gidatuta. Gainera, ebaluazio-modua dago. Bertan, gida horiek desagertu egiten dira eta ikasleak laguntzarik gabe egiten du prozedura. Praktika egiteko moduari buruzko datuak plataforman gordetzen dira, eta irakasleak ikasleak ebaluatu eta bakoitzaren jarraipena egin dezake.

Bigarrena eremu profesionalari, ospitaleei, klinikei edo osasun-zentroei buruzkoa da, eta profesionalentzako etengabeko prestakuntza du. Adibidez, Donostiako ospitalean ebakuntza-gela nola prestatu simulatzen ari gara. Erizaintza nahiko postu txandakatua da, egun batean jaioberrietan egon zaitezke eta beste batean ZIUn. Gure plataformaren bidez, profesionalek ebakuntza-gela erabili gabe praktikatu dezakete, errealitate birtualeko betaurrekoekin soilik, azaldu du Tánit Esnal Kaukako gerenteak.

Ingurunearekin elkarreragitea

Gainera, teknologia hau pertsona batek baino gehiagok erabil dezakete aldi berean, eta urrutiko esku-hartze bat prestatzeko baliagarria da. «Erabiltzaileek ingurune berarekin elkarreragin dezakete, eta birtualki bil daitezke, benetako kirurgia batean betetzen duten rol bera betez (zirujaua, anestesista, erizaina )», gehitu du Tánit Esnalek.

Eta Kaukak lan egiten duen hirugarren arloa farmazeutikoak eta material eta gailu medikoen hornitzaileak dira. Bezeroek beren teknologia erabiltzen dute beren produktuek edo gailuek nola funtzionatzen duten erakusteko. Azoketan ere erabiltzen dugu. Farmazialari batentzat egiten ari garen azken lana giza gorputzean zeharreko bidaia baten errealitate birtuala da, non sendagaiak organo ezberdinetan nola funtzionatzen duen ikusten den, adierazi du gerenteak.

Oraingoz, Kaukak maila nazionalean baino ez du lan egiten, baina epe laburrerako helburua nazioartekotzea da. Enpresa Singapurren izan da duela gutxi, ICEXek merkatu hura ezagutzeko antolatutako bidaia baten bidez. Asiako merkatuan interes handia dugu, sartzeko ate bikaina iruditzen zaigu. Espero dugu bidaia honetatik ateratzea gure nazioarteko lehen kolaborazioak, Esnalek azaldu duenez. Epe laburrean, Gipuzkoako enpresa finantzaketa bila ari da bere plataformaren barruan edukien liburutegi bat garatzeko, zerbitzua zuzenean kontratatu eta erabiltzaile eta pasahitz batekin erabili ahal izateko.