Euskadik 2.000 milioi baino gehiago bideratuko ditu mugikortasun elektrikora

Mugikortasun Elektrikoaren Euskal Estrategiak 2030. urtera arteko ekintzak biltzen ditu. Ekintza horietarako 1.550 eta 2.340 milioi euro artean inbertitzea aurreikusten da, eta horien helburua elektrizitatea energia-iturritzat duten ibilgailu pribatuen, hiri-autobusen eta taxien kopurua handitzea eta karga azkarreko puntuak bikoiztea da.

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio astearte honetan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan aurkeztu duen dokumentuari.

Onartutako estrategia garraio sektorearen deskarbonizazioan oinarritzen da, ibilgailu elektrikoari buruzko tokiko perspektibak eta ikuspegi globalak aztertzen ditu, baita mugikortasun elektrikoko aurreko estrategien zati bat ere, Euskadin trantsizio energetikoa bizkortzeko helburuarekin.

Sailburuak gogorarazi du garraio sektorean petrolioarekiko mendekotasunaren murrizketa Eusko Jaurlaritzaren aurreko konpromisoetan jaso dela, eta aurreratu du astearte honetan onartutako dokumentuan 2030erako helburu gisa aipatzen direla ibilgailuen parkearen % 16, hiriko autobusen % 50 eta taxien % 80 elektrifikatuta egotea.

Dokumentuan jasotako datuen arabera, gaur egun 3.000 ibilgailu elektriko inguru dabiltza Euskadin, parke mugikor osoaren % 1. 38 puntuko karga azkarra eta zortzi puntuko karga ultraazkarra daude martxan.

Estrategiaren helburua da, halaber, Euskadin karga azkarreko puntuen kopurua bikoiztea, 50 kilowatteko 80 puntura iritsi arte, eta hamabi kokaleku izatea, karga ultra-azkarreko terminalekin.

Garapen teknologiko eta industriala azpimarratzen du, EAEko automobilgintzaren sektorean mugikortasun elektrikoko 15 proiektu bultzatzeko, eta beste hamar ibilgailu elektrikoaren kargaren arloan, guztiak ere ekimen pribatuak gidatuta eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.

Helburu horiek lortzeko, sailburuak azaldu du 1.550 eta 2.340 milioi euro arteko inbertsioa behar dela, eta horrek, zehaztu duenez, eragin handia izango du balio erantsian, enpleguan, enpresa-lehiakortasunean eta berrikuntzan.