MAIALEN MUSATADI / 2020-09-09/  Solarisek hiru kontratu berri itxi ditu egunotan Europan autobus elektrikoak eta trolebusak hornitzeko. Horien guztizko zenbatekoa 30 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Zehazki, 29 autobus elektriko izango dira Alemaniarako, 6 Poloniarako eta 20 trolebus Errumaniarako. Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da enpresa sektoreko liderretako bat dela eta azken urteotan 500 autobus elektriko inguru entregatu dizkiela bezeroei 18 herrialdetan banatuta.

Alemaniako Offenbach hiria

Solarisek 29 autobus elektriko hornituko dizkio Offenbach hiriari, eta autobus elektrikoekin lotuta Alemanian entregatutako bigarren eskari handiena izango da hori enpresarentzat.

Offenbach hiriak, 130.000 biztanle baino gehiago dituenak eta Alemaniako Hesse estatuan dagoenak, akordioa itxi du Solaris Urbino 12 motako (12 metro) 20 autobus elektriko eta artikulatutako Solaris Urbino 18 modeloko (18 metro) 9 autobus hornitzeko. Autobusak 2021eko urrian entregatzea aurreikusi dute eta 2019an sinatutako Solarisen beste zazpi autobus elektrikori gehituko zaizkie. Autobus horiek urtea amaitu baino lehen jasoko ditu bertako Offenbacher Verkehrsbetriebe (OVB) operadoreak. Bi kontratuak osatutakoan, Solaris etxeko autobus elektrikoek OVBren flotaren ia erdia osatuko dute.

Autobusak 316 eta 474 kWh-ko Solaris High Energy+ baterien azken belaunaldiarekin ekipatuta egongo dira eta tenperaturari dagokionez erosotasun gorena eskainiko dute; izan ere, aire girotuaren ekipo eragingarriak izango dituzte, ingurumenarekiko begirunetsuak direnak, eta ibilgailu barruan maila egokiak lortzeko kanpoko tenperatura erabiltzen duen bero-ponpa dutenak.

Horrez gain, Alemaniako operadoreak gidariari laguntza emateko sistema modernoa aukeratu du. Horrekin, besteak beste, ikuspegia zabaldu ahal izango da ibilgailu kanpoan kokatuta egongo diren kamerei esker. Gailu horiek ibilgailuaren puntu itsuetan kokatuta dauden oinezkoak eta txirrindulariak detektatzen dituzte eta alderdi hori bereziki garrantzitsua da kurbak hartzeko garaian. Gainera, seinale akustikoak bidaltzen ditu oinezkoei ibilgailu elektriko hauek gertu daudela ohartarazteko (ibilgailu horien ezaugarrietako bat da zirkulatzeko garaian isilak direla).

Alemaniako autobus elektrikoen merkatua oso bizkor ari da hedatzen eta 2013. urtetik bertan operatzen duten eta Solarisek fabrikatutako unitate kopurua 230 autobus baino gehiagokoa da.

Malbork-ek Solarisek fabrikatutako lehen autobus elektrikoak erosi ditu

MZK Malbork udal-operadoreko eta Solariseko ordezkariek zoru baxuko Urbino 12 modeloko sei autobus elektriko hornitzeko kontratua sinatu dute. Poloniako hiri txiki hori herrialdeko iparraldean dago eta bertako Erdi Aroko gaztelu ikusgarria dela eta da ezaguna. Oraingoan, bere garraio publikoa modernizatzeko asmoari bultzada emango dio, erabiltzaileentzako erosotasunaren eta hiriko biztanleentzako hiriko aire-kalitate hobearen aldeko apustua eginda.

Hogei trolebus Errumaniara

Errumaniako Ploiesti hiriak zoru baxuko Solaris Trollino 12 modeloko 20 trolebus erostea erabaki du. Bi urteko epean entregatzea aurrez ikusi dute. Eskari berri horri esker, ia 250.000 biztanle dituen Errumaniako hiri horrek bere egungo ibilgailuen flotako erdia ordezkatuko du gutxi gorabehera. Horrela, gainera, hiriko garraio-sareko egungo lineak zabaldu ahal izango ditu.

Trollino 12 trolebusek ibilgailu barruan 35 eserlekuko edukiera gehi gurpildun aulkian doazen bidaiarientzako edo haurrentzako aulkietarako espazioak izango dituzte. Gainera, ibilgailura erdiko atetik sartzea erraztuko duen arrapalarekin ekipatuta egongo dira. Bestalde, ibilgailuek irtenbideen gama zabala izango dute bidaiarien erosotasuna eta segurtasuna handitzeko: aire girotua, bidaiarientzako informazio-sistema, bideozaintzako kamerak, haririk gabeko Interneterako sarbidea eta, ateetan instalatuta, bidaiariak zenbatzeko sistema.

Trollino 12 modelo hori izango da Ploiestin Solaris etxeko lehen trolebusa, baina ez Errumaniako lehenengoa. Izan ere, Solaris dagoeneko Europar Batasuneko, eta zehatzago, herrialde hartako trolebusen merkatuan liderra da. Izan ere, dagoeneko 100 trolebus inguru banatu ditu herrialdean eta enpresak Errumaniako operadoreei hornitutako ibilgailu elektrikoen kopurua, guztira, 300 ibilgailu elektriko baino gehiagokoa da.

Egilea Andoni Beitia