Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek (Euskal Administrazioak, Estatuaren Administrazio Lurralderatua eta Gizarte Segurantza Lurralderatua) 4.648 milioi euroko defizita izan zuten 2020an. Horrek 3.981 milioiko igoera ekarri zuen 2019arekin alderatuta, eta BPGd-aren % 6,5era iritsi zen, aurreko urtean baino ehuneko 5,7 puntu gehiago, Eustatek Europar Batasuneko Kontu Nazionalen eta Eskualdekoen Europako Sistemak (SEC-2010) ezarritako irizpideen arabera landutako datuak kontuan hartuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen saldo negatiboaren igoera, 2020an, COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoaren ondorio izan zen, baliabide ez-finantzarioak % 5,6 jaitsi baitziren, hau da, 1.633 milioi gutxiago; eta, bestalde, enplegu ez-finantzarioak % 7,8 gehitu ziren, hau da, 2019an baino 2.348 milioi gehiago.

Saldoaren bilakaera negatibo hori inguruko herrialdeetan ere gertatu zen. Hala, Europar Batasuneko 27 herrialdeetan, BPGd-an % 6,8ko defizita izan zen, ehuneko 6,2 puntu igoz 2019aren aldean. Espainian defizita ehuneko 7,2 puntu handitu zen, 2019ko BPGd-aren % 3,1etik 2020ko % 10,3ra.

Erakundeen ikuspegitik, euskal administrazioek (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udal-erakundeak eta Administrazio Publiko gisa sektorizatutako mendeko erakundeak) 1.574 milioi eurotan egin zuten okerrera euren saldoan, 2019an 769 milioiko finantzaketa-ahalmena (superabita) izatetik 2020an 805 milioiko finantzaketa-beharra (defizita) izatera igaro baitziren.

Administrazio Lurralderatuaren multzoak (Estatua gehi Gizarte Segurantza) ere bilakaera negatiboa izan zuen, finantzaketa-beharra (defizita) 2.406 milioi eurotan handitu baitzen; hala, 2019an –1.437 milioiko saldoa izatetik 2020an –3.843 milioikoa izatera pasatu zen.

Zehazkiago, Estatuaren Administrazio Lurralderatuak 2019ko 732 milioi euroko saldo positibotik edo finantzatzeko ahalmenetik 2020an 76 milioikoa izatera murriztu zuen, batez ere transferentzietako gastuaren gehikuntzaren ondorioz; zehazki, COVID funtsari dagokion Euskal Autonomia Erkidegorako partida 568 milioi eurokoa izan zen 2020an.

Bestalde, Lurralderatutako Gizarte Segurantzak ere bere saldoa murriztu egin zuen 2020an, 2019an erregistratutakoa baino 1.750 milioi gehiagoko defizita erregistratuz; izan ere, baliabide ez-finantzarioak (batez ere gizarte-kotizazioak) pixka bat murriztu ziren (% 0,08), eta ez-finantzetako enpleguak, berriz, % 15,2 gehitu ziren. Zehazki, gizarte-prestazioak (batez ere pentsioak eta langabezia-prestazioak) % 12,5 gehitu ziren, hau da, 1.397 milioi gehiago; 2020an 12.586 milioi izan ziren. Gorakada handi hori COVID-19aren ondorioak arintzeko hartutako prestazioen inguruko neurrien ondorioa izan zen.

Euskal administrazioei dagokienez, talde honetako erakunde guztien saldoek okerrera egin zuten. Eusko Jaurlaritzako erakundeen finantzaketa-ahalmena, oro har, 1.047 milioi euro murriztu zen, 2019ko 363 milioi euroko saldo positibotik 2020ko 684 milioiko saldo negatibora igaroz; izan ere, finantzazkoak ez diren baliabideak % 4,8 murriztu ziren, 11.030 milioira iritsiz, eta finantzazkoak ez diren enpleguak % 4,4 handitu ziren, 11.713 milioira iritsiz.

Arabako foru- eta udal-administrazioen multzoak, oro har, 5 milioi euroko saldo positiboa izan zuen, aurreko urtean baino 31 milioi gutxiago. Bizkaia 2019an 213 milioiko finantzaketa-ahalmena erregistratzetik 2020an 109 milioiko finantzaketa-beharra izatera igaro zen. Gipuzkoako administrazioetan, 2019an 157 milioiko finantzaketa-ahalmena izatetik 2020an 17 milioiko defizita izatera igaro ziren.

Euskal AEko administrazio publikoek 27.695 milioi euroko baliabide ez-finantzarioak kudeatu zituzten guztira 2020an —2019an baino % 5,6 gutxiago—; enplegu ez-finantzarioak, berriz, % 7,8 hazi ziren, 32.344 milioiraino. Emaitza hau izan zen: finantzaketa-beharra 3.981 milioi euro handitu zela aurreko urtearen aldean, eta 4.648 milioi eurokoa izan zela 2020an.

Baliabide ez-finantzarioen barruan, Gizarte-kotizazioak partidak % 0,1eko hazkunde txikia izan zuen (aurreko urtean baino 8 milioi gehiago), 9.505 milioira iritsiz 2020an, eta pisu handiena zuen partida izaten jarraitu zuen (baliabideen % 34,3), gainerako baliabideek jaitsiera handiak izan zituztelako. Produkzioaren eta inportazioen gaineko zergak % 11,4 murriztu ziren, 7.991 milioitan kokatuz (baliabideen % 28,9), eta Errentaren, ondarearen eta abarren gaineko zergak % 4,2 jaitsi ziren, 7.528 milioiraino, baliabideen % 27,2ra. Bi zerga-partida horien beherakada 2019an baino 1.353 milioi gutxiago izan zen. Laburbilduz, baliabide ez-finantzarioak 1.633 milioi murriztu ziren 2020an aurreko urtearen aldean.

Enplegu ez-finantzarioak 32.344 milioi eurokoak izan ziren, 2019an baino 2.348 milioi gehiago. Partida guztiek egin zuten gora, Jabetza-errentek izan ezik, % 12,1 egin baitzuten behera, eta 216 milioitan kokatu ziren (enpleguen % 0,7). Espezieko gizarte-transferentziak ez diren gizarte-prestazioek (Gizarte Segurantzaren eta gizarte-laguntzaren prestazioak barne) izan zuten hazkunderik handiena, % 12,0, hau da, aurreko urtean baino 1.479 milioi gehiago, eta enpleguen % 42,7 izan ziren. Bitarteko kontsumoa partida % 2,8 hazi zen eta Soldatapekoen ordainsaria % 2,1 (2019an baino 269 milioi gehiago), enpleguen % 12,9 eta % 24,2 suposatuz, hurrenez hurren. Kapital-enpleguak (Kapital-eraketa gordina, Kapital-transferentziak (ordaintzekoak) eta Beste aktibo batzuen eskuratzeak) gastuaren % 6,8 izan ziren eta 190 milioi gehitu ziren aurreko urtearen aldean, guztira 2.196 milioira iritsiz. Dirulaguntzak (ordaintzekoak) % 61,3 handitu ziren 996 milioira iritsi arte, 2019an baino 379 milioi gehiago.

Administrazio publikoen azken gastuaren egituran, Azken Kontsumoko Gastua —hau da, administrazioek ondasun eta zerbitzuen ekoizpenean egindako gastua gehi etxeei hornitzen zaizkien merkatuko ekoizleek ekoitzitako ondasun eta zerbitzuak (espezietako gizarte-transferentziak) batuta— Barne Eskari Publikoaren % 89,7 izan zen 2020an —aurreko urtean baino ehuneko 0,1 puntu gehiago—. Kapital Eraketa Gordina (Inbertsio Publikoa) 1,556 milioi eurora iritsi zen, aurreko urtean baino % 2,9 gehiago.

Erakundeen aldetik, inbertsioen % 94,5 Euskal Administrazioek egin zuten, eta gastua 15 milioi handitu zuten, 2020an 1.470 milioira iritsiz. Bestalde, Estatuko Administrazio Lurralderatuari eta Gizarte Segurantzari dagokien zenbatekoa 86 milioi eurokoa izan zen 2020an, aurreko urtean baino 29 milioi gehiago.

Egilea Andoni Beitia