Euskadiko industri jarduera % 10,1 hazi da 2022ko ekainean

2022ko ekainean, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa 2021eko hilabete berekoa baino % 10,1 handiagoa izan da lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek landutako datuen arabera.

Ekaina aurreko hilabetearekin (2022ko maiatzarekin) alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-jarduerak % 0,5eko igoera izan du, urtaroen eragina zuzendu ondoren.

2022ko ekaineko indizeak 2021eko ekaineko indizetik izan duen bilakaera positiboa izan da industria-sektore handi guztietan. Adibidez, Energiaren sektorean (energia elektrikoaren produkzioa eta hornidura eta petrolioaren finketa barne), produkzioak % 24,5eko igoera izan du. Bestalde, ekipo-ondasunek (ibilgailu motordunen fabrikazioa, lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzi-eraikuntza barne) % 17,5eko igoera izan dute, eta Bitarteko ondasunek, berriz, % 4,2koa. Azken sektore horretan, metalurgia-jarduerak, produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa daude sartuta.

Kontsumo-ondasunek, bestalde, urtetik urterako % 1,8ko igoera izan dute Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 4,3ko igoerari esker, Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 7,6ko beherakada izan baitute. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren epigrafean, elikagaiak prozesatu eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketa- eta higiene-produktuen fabrikazioa eta jantzigintza sartzen dira. Kontsumo-ondasun iraunkorren sektorean bildutako jardueren artean, berriz, altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioa dago.

Maila bereiziago batean, euskal industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, 2022ko ekainean urtetik urterako igoerarik handiena izan dutenak honako hauek izan dira: Garraio-materiala (% 27,0), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 23,5) eta Makineria eta ekipoa (% 14,6). Sektore garrantzitsu horietako ezeinek ez du beherakadarik izan produkzioan. Nolanahi ere, igoerarik txikiena izan duen sektorea Elikagaien industriak, edariak eta tabakoa izan da, % 2,2ko igoerarekin.

Industria-produkzioaren indizearen urtetik urterako bilakaera positiboa izan da ekainean hiru Lurralde Historikoetan: Araban, % 13,9ko igoera izan da, Bizkaian % 11,4koa eta Gipuzkoan, berriz, %6,9koa.